Bidaideak

Miguel Gonzalez Martin Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Saileko Immigrazioko zuzendaria

Berria, , 18-12-2009

Gaur, abenduak 18, Migratzaileen Nazioarteko Eguna dugu, Nazio Batuek 2000. urtean sortua. Hain zuzen ere, gizakien mugikortasunak migrazioek migratzaileen zein jatorrizko eta harrerako gizarteen garapena eta ongizatea lortzeko duen garrantzia eta ahalmena gogorarazi zigun erakunde horrek berak duela aste gutxi batzuk.

Euskadin badugu esperientziarik horren inguruan. Gure lur honetan eskasia eta etorkizunik eza nagusi zirenean, eskuzabaltasun handiz hartu gintuzten munduko beste leku batzuetan, eta ez genukeen oparotasunik izango Espainiako beste alde batzuetatik iritsitako langileek beren ekarpena egin izan ez balute. Eta pertsona horiek gure komunitate politikoaren parte dira aspalditik.

Gaur egungo egoeran, antzekotasunak eta desberdintasunak ikus daitezke. Zalantzarik gabe eta datuek horixe berresten dute, munduko beste herrialde batzuetako migratzaileek ere aberastasun ekonomikoa eta soziala sortzen laguntzen dute. Azken urteotan, lan-merkatuaren egitura-muga asko zuzendu dira etorkinen agerpenarekin; adibidez, bete gabe zeuden lanpostuak.

Bestalde, gure gizartearen joera demografikoa dela-eta, zahartzearen fenomenoa eta gizarte-erreprodukziorako zailtasun handiak ditugu aurrean. Testuinguru horretan, gure biztanleria-piramideko talderik urrienetan gaztetasuna sartzea esan nahi du immigrazioak. Etorkinek auzoa, saltokiak, eskolak, lantokiak eta abar eraikitzen laguntzen dute. Herria eraikitzen, azken batean.

Hala ere, gaur egungo etorkinek zailtasun gehigarri batzuei egin behar diete aurre. Horietako batek ez txikienak atzerritartasunari lotutako lege- eta administrazio-erregimen bereziarekin du zerikusia. Zalantzarik gabe, estatuek migrazio-fluxuak arautzeko erantzukizuna eta betebeharra dute. Dakigunez, immigrazio irregularrak dramak sortu eta esplotazioari bidea ematen dio, baina estatuen logiken indar handia dela-eta, pertsona «nazionalak» eta «herritarrak» parekatzeak geldotu egiten du atzerriko migratzaileak komunitate politikoan erabat txertatzeko aukera. Horrek azpimarratu egiten du gizarteratze-politiken garrantzia eta beharra.

Gainera, gure inguruneko gainerako gizarteetan bezala, etorkinenganako nolabaiteko aurreiritziak eta mesfidantzak ageri dira gure gizartean. Horixe dio Immigrazioaren Euskal Behatokiaren azken barometroak. Eta, barometro horrek berak onartzen duenez, krisialdiaren ondorioz immigrazioarekiko iritziek eta jarrerek ez dute nabarmen okerrera egin.

Faktore horiek eta beste batzuk direla-eta, etorkinek talde bereziki kaltebera osatzen dute. Bizi dugun krisialdiak agerian utzi du hori, eta haren inpaktu diferentziala argi eta garbi hauteman daiteke. Adibidez, azken hilabetean, Euskadin langabeziak 6 egin du gora etorkinen artean. Atzerritarrak ez direnen artean, berriz, ehunekoa %1 baino ez da izan. Gaur egun, langabezian dauden atzerritarrak erregistratuta dauden langabe guztien %11,4 dira. Ehuneko hori Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden atzerritarren ehunekoa ( 5,6 aurtengo urrian) ikusita espero zitekeena baino askoz handiagoa da.

Bizi garen garaia gorabehera, epe ertainera eta luzera begira jarri behar dugu. Etorkinak geratzeko, bizitzeko, lan egiteko eta gizartearen parte izateko asmoarekin etorri dira Euskadira.

Proiekzio demografikoek eta lan-merkatuaren premien proiekzioek adierazten dutenez, etorkin gehiago iritsiko dira, beharrezkoak direlako, baina elkarbizitzaren eta aniztasunean kohesionatutako gizarte baten sustapenak «langile gonbidatuen» eredua gainditzea eskatzen du.

Immigrazioak hazteko eta hobetzeko aukera ematen digu, iritsi berrien presentziak eta begirada freskoak gizartearen antolamenduaren barruan berriz pentsatu behar diren alderdiak uzten baitituzte agerian. Horrela, beraz, erakundeek eta gizarte osoak ahalegina egin behar dute etorkinek gero eta zabalagoa eta inklusiboagoa izango den «gu» baten eraikuntzan bete-betean parte har dezaten; herritartasunari lotutako balioetan eta eskubide-berdintasunean oinarritutako «gu» baten eraikuntzan, alegia. Izan ere, Amin Maalouf-en esaldi eder eta taxuzkoari jarraiki, «mende honetan jada ez dago atzerritarrik; bidaideak baino ez daude». Egun zoriontsua izan, bidaideok.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)