Ilundaingo kasuan «ondo» jokatu zutela dio Garcia Malok
Bere buruaz beste egin zuen adingabe batek Ilundaingo adingabeen zentroan, iragan martxoaren 25ean
Berria, , 17-12-2009Erredakzioa.
Iruñea
Iragan martxoaren 25ean bere buruaz beste egin zuen adingabe batek Ilundaingo adingabeen zentroan (Nafarroa), bertan sartu eta bi hilabetera. Senideek zentroa salatu zuten epaitegietan, Amnesty International erakundearen laguntzarekin. Erakunde horrek atzo salatu zuen gazteak ez zuela behar besteko arreta jaso. Hori gezurtatu egin du Maribel Garcia Malok, Nafarroako Gobernuko Gizarte Gaietarako kontseilariak. Haren hitzetan, «Ilundaingo kasuan protokolo eta jardunbide guztiak martxan jarri genituen mutikoak bere buruaz beste egin bezain laster, eta gertatutakoa ikertzea ere dagokionaren esku utzi genuen». Egun kasua Justiziaren esku dagoela adierazi du Garcia Malok, eta Justiziari bere bidea egiten uzteko eskatu du.
Kontseilariak adierazi duenez, «adingabearen familiarekin harremanetan jarri ginen ezbeharra gertatu zenean, eta oso atsekabetuta zeuden». Hala eta guztiz ere, harreman hori «zuzena» izan zela dio. Garcia Malok aitortu du ez zekiela adingabearen familiak salaketa jarri zuela martxoaren 25ean jazotakoaren ondorioz.
Ilundaingo adingabeen zentroa Ilundain-Haritz Berri fundazioak kudeatzen du. Fundazio horrek adierazi duenez, «Gizarte Gaietarako Departamentuarekin batera, martxoaren 25ean gertatutakoaren inguruko lan saio bat antola dezala eskatu diogu Elena Torres Nafarroako Parlamentuko presidenteari, guztia azaltzeko, gure fundazioaren eta gure proiektuaren berri emateko». Ilundain-Haritz Berri fundazioak onartu du martxan dela euren aurkako prozesu judizial bat. Hala ere, uko egin diote gai horri buruz hitz egiteari.
Adingabeen artean adinekoak
Arabako Foru Aldundiak salatu duenez, «litekeena da adin nagusiko atzerritarrak etorkin adingabeen harrera zentroetan egon izana azken hilabeteetan, jatorrietako dokumentazioak faltsutu ostean». Hala, gertaera horien berri eman dio Arabako Foru Aldundiak Fiskaltzari. Covadonga Solaguren Gizarte Gaietarako foru diputatuak jakinarazi duenez, ez dituzte gazteak salatu nahi, «baina litekeena da aipatutako bidea erabiltzea legez kanpoko etorkinek euren egoera legeztatzeko».
Foru diputatuak adierazi du etorkin adingabe ugari iritsi direla Arabara azken hilabeteetan. «Batzuek jatorriko pasaportea zuten, eta euren itxura fisikoak adinaren inguruko zalantzak eragiten zituen». Solagurenek adierazi du adin nagusikoak zirela frogatu ahal izan dela, adingabeen harrera zentroan zeuden etorkin batzuei hezur probak egin ostean. Arabako Foru Aldundiaren arabera, «zentro horietan egon diren batzuk 31 urte inguru ere bazituzten».
(Puede haber caducado)