Tindufera iritsi da oihartzuna
Aminatu Haidarrek «moralki oso indartsu» dagoela jakinarazi du gose greban 25 egun bete dituen egunean
Berria, , 11-12-2009Kristina Berasain.
Aminatu Haidar gero eta sostengu zabalagoa eta irmoagoa jasotzen ari da nazioartetik. Atxikimendu mezuak mundu zabaletik iristen zaizkio eta, litekeena da, horiek guztiek indarra ematea giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrari. Elkartasun horren oihartzuna iheslari guneetan bizi diren sahararrengana ere iritsi izanak, baina, kemena emateaz gain, litekeena da hunkitu ere egin izana. Tindufeko kanpalekuetan (Aljeria) sahararren borrokaren ikur bilakatu den ekintzailearen aldeko manifestazioa egin zuten atzo; Saharako Emakumeen Batasun Nazionalak egin zuen deialdia, eta ehunka lagun bildu zituen. Eta Haidarrek haien aldeko esker oneko hitzak izan zituen, eta orain haien samina «inoiz baino hobeto» ulertzen duela azaldu zuen; «2.600 kilometroko hesi batek 35 urte baino gehiago banatzen dituen sendien samina».
Lanzaroteko aireportuan (Espainia) gose greban 25 egun bete zituen egunean kazetarien aurrean agerraldia egiteko adorea izan zuen ekintzaileak. Herrikideak izan zituen gogoan, seme-alabak eta atxilotuta dauden beste ekintzaile sahararrak ere. Nazioarteari «premiazko deia» egin zion, sahararren giza eskubideak errespeta daitezen. Giza Eskubideen Nazioarteko Egun «sakratua» baliatu zuen, paradoxa baten moduan, errespeta daitezen aldarrikatzeko. Eskutitz bat ere eman zuen argitara. Mendebaldeko Saharara, jaioterrira, «bizirik edo hilik» itzuliko dela berretsi zuen ekintzaileak «pasaportearekin edo gabe», baina «duintasunarekin». Moral aldetik «inoiz baino indartsuago» dagoela ere jakinarazi du, eta indar horrek «egunero elikatzen» duela eta «samina arintzen» diola.
Maroko, tematuta
Marokok, berriz, nazioarteko presioaren eraginez amore emango duen itxaropena du Haidarrek. Abdeluahed Radi Justizia ministroak, baina, beste behin adierazi du ekintzailearen eskuetan dagoela irtenbidea. Marokok kezkatzen duena beste gauza bat dela ere adierazi zuen: «Espainiarekin ditugun harreman bikainei eustea, eta horiek sendotzea». Nizar Baraka Ekonomia ministroak, berriz, bi herrialdeei «xantaia» egitea leporatu dio Haidarri, eta haren egoeraren erantzule bakarra bera dela esan du.
Fronte Polisarioak, hain zuzen ere, bi herrialdeen arteko «konplizitatea» salatu du, eta auzia «gaizki» amaitzen bada «ustekabeko» ondorioak egongo direla ere ohartarazi du. Salek Baba SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko Kooperazio ministroaren hitzetan, nazioartea sahararren auziari irtenbidea emateko gai ez bada borroka armatuari helduko dio Polisarioak.
(Puede haber caducado)