Herta Muller: «Beldurtuta bizi bazara, ez duzu etxean zaudelako sentipenik»

Errumanian jaiotako idazle alemanak bihar jasoko du Literatura Nobel saria, Stockholmen

Berria, , 09-12-2009

Alberto Barandiaran.

«Nire etxea nire etxea zen, baina jazartzen bazaizkizu, eta beldurtuta bizi baldin bazara, ez duzu etxean zaudelako sentsaziorik». Herta Muller idazle errumaniarrak (Nytzkydorf, 1953) deserriaren inguruan eraiki du bere literatura, eta Literatura Nobel saria ere, «lurrik gabekoen paisaia deskribatzeko erakutsi duen gaitasunagatik» eman diote aurten. Eta saria jaso bezperan han eta hemen emandako prentsaurreko eta elkarrizketetan ideia horixe bera azpimarratzen ari da etengabe. Bere kezka nagusia den adierazgarri

«Mundu guztiak behar bera dauka: nonbaitekoa izatekoa. Jorge Semprunek esaten zuen hizkuntza etxea dela, baina ni ez nago ados», esan zuen atzo, kazetarien aurrean, Stockholmen bertan. «Beharbada izango da nazionalsozialismoa eta komunismoa gehiegi baliatu direlako etxeaz nahiz hizkuntzaz».

Hizkuntza, horra bigarren kezka nagusia. Errumaniako gutxiengo alemanaren kidea da Herta Muller, eta duela hogei urte Alemanian bizi da. Alemaneraz idatzi du beti, baina Errumaniak itzal ezkutaezina utzi du bere liburuetan. «Nik ez nuen idazle izan nahi, idatzi egin beharra neukan, besterik ez. Liburu bat amaitzen nuenean, maiz, pentsatzen nuen hori zela kontatzeko neukan guztia. Handik bi urtera edo, ordea, berriro nire baitan zegoena azaldu beharra sentitzen nuen».

Haurtzaroaren marka

Haurtzaroa, horra beste oinarrietako bat. Timisoara inguruko suebiar gutxiengoan, hamabost urte egin zituen arte Herta Muller, alemanez bizi izan zen. Gero, errumaniera ikasi zuen bertako biztanleekin. Errumaniarrak, hain zuzen ere, kolorea eman dio bere alemanari, nahiz eta berak beti esan duen errumaniar sentitzen dela.

Baina han ere, Errumanian, apur bat arrotz. Niederungen lehen liburuan, esaterako, Errumaniaren bihotzean galdutako herri aleman baten bizitza kontatu zuen. «Ezin ditugu besteak jasan, geuk ere geure burua ez dugu jasaterik, eta besteek ere ez gaituzte jasaten».

Estatuaren mugarik gabeko indarra, hori ere bada Herta Mullerren literaturaren osagarri ezinbesteetako bat. Nazionalsozialismoa Alemaniatik kanpoko aleman guztientzat izan zen estigma eta zigorra; eta komunismoaren itzalpean urte luzez bizi beharra. «Ez nago heriotza zigorraren alde», esan zuen atzo, «baina hogei urtez [Errumaniako diktadore Nicolae] Ceaucescuren heriotza gogo biziz desiratu nuen».

Joan den igandean, hain zuzen ere, hauteskundeak ziren Errumanian. Idazlea ezkor zen. «Diktaduraren ondarea handiegia da oraindik. Ezin da aldaketaz hitz egin, lehengoratzeaz baizik. Errumaniak gizarte zibila behar du, eta oraindik ez dauka. Noranzkorik gabe, basakeriaz betetako gizartea da, eta pentsatzen dut hori indarkeriaren ondorioa dela. Ez dugu eztabaidatzen ikasi. Ez dago oposiziorik, arerioak baino ez».

Heriotza, beldur gisa

Atemschaukel azken eleberrian, sobietarren kontzentrazioa esparruan amaitu zuen 17 urteko gazte baten ibilerak kontatu zituen. Heriotzarekin harremana ere, bistan da, bada Mullerren literaturaren beste ertzetako bat. Baina heriotza erritu gisa, heriotza gizarte oso bat geldiarazteko gai den beldur gisa.

«Gure amonak behin esan zuen oheak hilkutxak zirela, eta bertan zeutzanak, hildakoak. Berak horrela esan zuen uste zuelako nik ez nuela hitz hori, hilkutxa, ulertuko, baina, behin ere aditu gabea banintzen ere, berehala ulertu nuen». Pasarte hori Niederungen eleberrian idatzita dago.

Nobel Saria ostegun honetan jasoko du Mullerrek. 106. izango da. Atzo esan zuen Samuel Beckett, Nelli Sachs edo Imre Kertesz idazleengandik oso hurbil sentitzen zela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)