Leihatila

Biktimak, kriminal

Berria, Cristina Berlanga , 09-12-2009

Aste hauetan jakin-mina sortu du eztabaida batek, agerian jarri baitu indarkeria matxistaren biktima diren emakume immigranteen ataka gaiztoa eta politikarien hipokrisia. Emakumea, osasuna eta indarkeria izeneko gidaliburuak piztu du eztabaida. Bilboko Udalak argitaratu du gidaliburua; hainbat taldek eta emakumek elkarlanean egindakoa da, ongi baino hobeto baitakite batez ere paperik gabeko emakume immigranteek nolako eragozpenak dituzten, besteak beste, beren buruaren kontrako indarkeria salatzeko.

Gidaliburu horretan jakinarazten zaie herrialdetik kanporatu ditzaketela, baldin eta paperik izan ez eta indarkeria salatzen badute. Gidaliburua baztertzeko eskatu dute PPk eta polizia sindikatuek, itxura txarrean ageri duelako Polizia. Bilboko Udaleko gobernu taldeak baztertu egin du gidaliburua, eta informazio jakin baten berri izatea galarazi die emakumeei; aurrerantzean, bada, ezin jakingo dute gutxienez zehapen espedientea abiaraz diezaieketela eta okerrenera jota herrialdetik kanporatu ditzaketela. Eta hori hala da, halaxe erabaki zuelako bere garaian Espainiako Barne Ministerioak.

Genero indarkeriaren kontrako neurrien Lege Organiko Integralak babesa bermatzen die emakume biktima guztiei dena delako jatorria, erlijioa edo bestelako baldintzaren edo inguruabarren bat dagokielarik ere; eta, horrek ezarritakoa atzerritarren inguruko araudiarekin bateratzeko asmoz, 14/2005 instrukzioa eman zuen Segurtasuneko estatu idazkaritzak. Instrukzio horren aginduz, agenteek ikertu egin behar dute emakume atzerritarrak egoera araugabean dauden, eta, hala badaude, prozedura bati ekin behar diote; prozedura horren bidez, litekeena da zehapen espediente bat abiaraztea, bai eta herrialdetik kanporatzea ere.

Emakundek ere egina du txosten bat, etxean tratu txarrak jasaten dituzten emakumeei dagozkien polizia baliabideak ebaluatzeko. Emakunderen txostenak dio, Ertzaintzaren ustez, Polizia Nazionalari bakarrik dagokiola instrukzio hori, hark bakarrik baititu atzerritarren gaineko eskumenak. Horrek esan nahi du, beraz, ez tokiko poliziek ez Ertzaintzak ez dutela inolako eskumenik halako espedienteak abiarazteko. Horrez gainera, Poliziaren jardunari legezko izaera eman zion Atzerritarren Legearen erreformak joan den azaroaren 26an onartu zuten; erreformaren bidez, hain zuzen, zehapen espedientea ezarri behar dio Poliziak egoera araugabean dagoen emakumeari, baldin eta bere buruaren kontrako indarkeria salatzen badu.

Espediente hori etenda geratuko da, harik eta genero indarkeriagatiko prozedura erabaki arte. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak salatu du Atzerritarren Legeak espedientea egin dakiokeen delitu bakartzat jotzen duela berariaz genero indarkeria, baldin eta salaketa jarri duen biktima egoera araugabean badago.

Ezinbestean, bada, behin eta berriro salatu behar da emakumeen aldeztaile moduan ageri nahi dutela zenbait erakunde ordezkarik, eta hipokrisiaz eta neurri bikoitza erabiliz jokatzen dutela; biktimen alde aritu beharrean, eragotzi egiten dute emakume horiek batik bati bat lege xenofobo horren eraginez egoerarik ahulenean daudenek beren buruaren kontrako indarkeria salatzea eta hari aurre egiteko baliabide publikoak eskuratu ahal izatea. Gainera, egoera araugabean daudenez, kriminal bihurtzen dituzte emakume biktimak.

Egia da Atzerritarren Legea erreformatzearen kontra bozkatu duela azkenean EAJk, baina egia da horren aurreko tramitearen alde ere bozkatu zuela Senatuan; beraz, EAJren kontrako botoak ez du auzitan jartzen bide horrek eragotzi egiten dienik biktimei beren buruaren kontrako indarkeria salatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)