Eliteen bestaldean, mundua

Botereak herrien eta jendeen artean ezarririko mugez hausnartu du Itxaro Bordak 'Ezer gabe hobe' nobela politikoan

Berria, , 02-12-2009

Irune Berro.

«Mendeetako harreman koloniala berdintasun fiktizio batean galdekatzeko asmoz», europarrak afrikarren eta indigena amerikarren maila berberean paratu ditu Itxaro Bordak (Baiona, 1959) Durangoko Azokara eramango duen nobela berrian, Ezer gabe hobe (Susa) eleberri politikoan.

Sigma du izena Bordaren nobelako pertsonaia nagusiak. Europarra da, baionarra, zehazki, «baina munduko edozein tokitakoa izan zitekeen». Klandestinoki muga bi igaro beharko ditu: Sangatte izenekoa lehenik, lagun afrikar batekin Kongotik Londreserako bidaia eginez; eta Chalco deritzona bestetik, mexikar saldo batekin Hego Amerika utzi, eta Kalifornian barruratuz.

Bi ardatz horien inguruan egituratu du nobela Bordak, «mundua nola doan kontatzeko». Erreportaje tankera izan dezakeen arren, Ezer gabe hobe literatur lana baino ez dela nabarmendu du idazleak: «Fikzioa da arras».

Nolanahi ere, errealitatea izan du abiaburu kontakizuna eratzerakoan, «erakutsi nahi dudalako Europan zein Ameriketan immigranteak legez gaizki tratatuagatik ere jende mugimenduak aitzina doazela. Horrela osatzen dela mundua, eta garatzen, puzten, eta entzuten dela lokatzetik ateratzea xede duen jendetzaren musika polifoniko eta koloretsua».

Bordaren ustez, «bidaia horren karietara europarrak ohartzen dira pentsamendu bakunak kutsatuak daudela, itsuak direla nolabait». Halaxe gertatuko zaio Sigmari ere. Orrialdez orrialde, neoliberalismoa gorroto duela ohartuko da. «Laurden baten alde gainerako hirurak sakrifikatzen direla». Ondorio garbia aterako du: pobrezia dela munduko ondasunik partekatuena, eta ustezko askatasunen atzean gutxi batzuek gehiengo baten aurka darabilten zapalkuntza baizik ez dagoela.

Izan ere, sinetsarazi digutenari kontra eginez, Europan mugak egon badaudela erakusteko gogoa zuen Bordak, «nahiz eta ez den nobela didaktikoa, giroak, usainak, musikak, amodiozko istorioak, paisaiak gozaraztekoa baino», ohartarazi du. Idazlearen esanetan, «Europan muga orokorrak desagertu dira, baina, alor horretan, jendetasunean bezala, mugak atomizatu dira eta jada edozein karrika bazterrean oztopo bat kuskatzen ahal da, kontrolatuak eta beharrean atxilotuak izan gaitezke. Are gehiago estigmatizatu populuetakoak baldin bagara».

Edozelan ere, muga guztiak gainditzeko eraiki direla sinetsita dago Borda, errealitateak irrealitateari gaina hartzen diolako azkenean. «Munduaren zatitxo aberatsenak beste zati handiagoari gerla deklaratu dio, gobernatzaileen eliteak salbu guztiak hondatzen doan ontzi berberean gabiltza. Sangatte eta Chalco asko daude lurrean zehar, anitzetan etxetik ez hain urrun. Eta G8ko estatuek obratzen duten zapalkuntza ez da sotilagoa, baina badakite denbora kontatua zaiela eta laster esklabo gisa tratatzen duten horiekin konpondu beharko dutela».

Bordaren iritziz, «bidean pairatzen duenak etxean entzerraturik dagoenak baino askoz gehiago ikasten du. Bamako zein Kabulerako kanporatzeak espektakuluaren osagarriak dira, baina, oinarrian, kanporatuen ondorengoek dute irabaziko».

Ezer gabe hobe nobelan, ezer salatzea bainoago, duela urte bi Mexikora eginiko bidaian «ikasi eta dastatutakoak» jaso nahi izan ditu Bordak. Horretarako, pertsonaien izen, nortasun eta generoak ezabatu ditu, «gramatikaren mugak inarrosiz».

Literatur lan «erabat politikoa» ondu duela nabarmendu du. «Gramatikaren tratamendua politikoa da. Amodiozko istorioak ere politikoak dira. Politika komentatzen eta hausnartzen da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)