Zugaztietan duen «jazarpen handia» salatu du ijito familiak

Zortzi hilabeteren ostean, auzokoek protestan jarraitzen dute, eta epaitegietan deklaratu beharko dute

Berria, , 02-12-2009

Julen Nafarrate.
Barakaldo

«Auzokideek nire etxe aurrean mobilizazioak egiten dituzte oraindik; jazarriak sentitzen gara». Zortzi hilabete igaro dira Laura Jimenez, Manuel Hernandez eta bost seme-alabek Trapagarango Zugaztieta auzoan (Bizkaia) etxebizitza babestu batean bizitzen jarri zirenetik. Auzokide gehienek protesten artean egin zion ongietorria ijito familiari, «gatazkatsua» izatea leporatu baitzioten. Presioak bere horretan jarraitzen duela salatu zuen atzo Laura Jimenezek, Barakaldoko epaitegian.

«Jazarpena oso handia da, auzokideek oso txarto tratatzen gaituzte». Familiak duen presioa ezin dutela jasan esan du Jimenezek, eta jakinarazi du horregatik Zugaztietatik alde egiteko eskatu dutela: «Beste herri batean bizitzea gustatuko litzaidake, istiluetatik urrun. Bizitza mingosten didate; edozein lekutara joango nintzateke, baina ez Zugaztietara».

Familiak azaldu duenez, auzokideek egunero egiten dituzte elkarretaratzeak etxe aurrean, eta igandero manifestazioa egiten dute herrian barrena. Familiak epailearen aurrean deklaratu du, hala ere, arratsaldero auzokideek etxe azpian «ezkutuko elkarretaratzeak» egiten dituzte, familiari presioa egiteko: «Mobilizazioak baimenduak ez daudenez, tarta batekin etortzen dira egunero etxe azpira, eta urtebetetzeak ospatzen dituztela esaten dute».

Zugaztietako eskolara joan behar dute familiako bost seme-alabek, baina Sestaora joaten dira, «segurtasunagatik». Izan ere, sendiak abuztuan salatu zuen auzolagun batzuek mehatxu egin zutela: haur ijitoak eskolara sartuz gero haien haurrak aterako zituztela esan zuten.

Presioak presio, auzokide batzuek familiari elkartasuna adierazi dietela nabarmendu du Jimenezek, baina haiek ere jazarpena pairatzen dutela azpimarratu du: «Auzokide batzuk gu babesten hasi dira, baina mehatxatu egin dituzte; alderdiz aldatzea leporatu diete».

Epaiketarekin, «beroago»

Apirilean eta maiatzean gertatutako istiluengatik deklaratu behar izan zuten atzo Laura Jimenezek eta Manuel Hernandezek. Apirilaren 1ean, ijito familia etxebizitza babestura lehenbiziko aldiz sartzen saiatu ziren, baina etxeko sarreran ehundik gora herritar eseri ziren, eta ertzainek arrastaka aterarazi zituzten. Istiluetan Sestao Berri elkarteko langile bat zauritu zuten.

Maiatzean, familia bere etxebizitzara bigarren aldiz sartzen saiatu zen, baina atea porlanez estalita, leihoak hautsita eta argirik gabe aurkitu zuten. Istilu horiengatik Pilar Souto Trapagarango alkateordeak eta bi auzokidek deklaratu beharko dute, inputatu gisa. Deklarazioa hurrengo asteetan egingo dute Barakaldoko epaitegian, eta orduan erabakiko du epaileak epaiketa izango den edo ez.

Epaiketak izan ditzakeen ondorioen beldur da Jimenez: «Zugaztietako auzokideek mehatxatu gaituzte, eta orain epaiketarekin gehiago berotuko dira». Trapagarango auzoan dagoen egoera ez dela baretu argi utzi nahi izan du Vicente Gil Iniciativa Gitanaren bozeramaileak. Azken asteetan auzokideek estrategiaz aldatu dutela uste du Gilek, epaiketa saihesteko. «Giroa lasaiago dagoela sinestarazi nahi diete epaile eta fiskalei, baina ez da egia. Ez dute hainbeste zaratarik egiten, baina presioa egiten jarraitzen dute».

Jazarpen hori egunero izaten dutela adierazi du ijitoen elkarteko bozeramaileak: «Kalean iraintzen dituzte, mespretxuz tratatzen dituzte». Familiak ez zuela etxebizitza hori eskatu gogorarazi du Vicente Gilek, Zugaztietan «dekretuz eman» zietelako.

Izan ere, aurrez, Jimenez-Hernandez familia Sestaon bizi zen, baina eraikina hondatzeko zorian zela eta, lagun baten etxera joan behar izan zuten. Etxe hark su hartu zuen, eta herriko ostatu batean bizi izan dira bi urte eta erdiz. 2008ko urrian Trapagarango Zugaztieta auzoko etxebizitza babestu bat eman zien Sestao Berri konpainiak Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak eta Sestaoko Udalak osatua. Orduan hasi zuten hango bizilagunek sendiaren aurkako protesta.

«Hilabete hauetan familiak ez du inolako gatazkarik sortu; auzokideek eragin dituzte». Egoera horri aurre egiteko ijitoen elkarteek lanean jarraituko dutela berretsi du Vicente Gilek, familia horren kasua «Ijitoen Kontseiluko erreferente nagusia delako».

Maria Tato familiaren abokatuak, bestalde, gertatutako istiluengatik «erantzukizunak» eskatuko dituztela argitu du: «Jarraipenak, mehatxuak, elkarretaratzeak, presioa… pairatu dituzte». Istiluak gertatu zirenetik zortzi hilabete igaro dira, eta, hala ere, auzokideek oraindik elkarretaratzeak egiten dituztelako harrituta dago Tato. «Noiz arte jasan beharko du familiak horrelako egoera? Nortzuk dira hemen gatazka sortzen dutenak?».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)