'Ander' filma lekua egin ezinik dabil Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Jaialdietan sari ugari jaso ditu estreinatu zutenetik, baina banaketa enpresek ez dute aintzakotzat hartzen.
Hesi guztiak eraitsi ezinik
Berria, , 26-11-2009Garikoitz Goikoetxea.
Berritasuna ekarritako lan berria zen, baina hautsa hartzen dago aspaldion. Urtarril amaieran estreinatu zuten Ander filma, Bilboko Zinegoak jaialdian, baina hamar hilabete igaro ondotik, ez dute Hego Euskal Herriko zinema aretoetan estreinatu. Lanaren arduradunak saiatzen ari dira banatzaileren bat aurkitzen, baina ezezkoa besterik ez dute jaso. «Ezin dugu ulertu», aitortu du Roberto Caston zuzendariak, «baina guk ezin dugu ezer egin». Hala ere, oztopoei aurre egiten segitzeko asmo dute. Ekoiztetxeak berak hartu du bere gain filma Bilbon eskaintzeko ardura, ohikoak baino muga handiagoekin bada ere publizitatea ezin egitea, esaterako. Bihartik aurrera, astebetez ikusgai egongo da pelikula Multicines aretoetan. «Zerbait bada, gutxienez», dio zuzendariak. Ondoren, gauza bera egingo dute Madrilen.
Ekarpen berria egiten du pelikulak: homosexualitatearen gaia baserri munduan kokatu du, eta euskaraz. Mutilzahar bat du protagonista, Ander. Bere homosexualitateaz jabetu gabe dago, harik eta Jose ezagutzen duen arte; baserrira etorritako laguntzailea da hura. Estreinaldian harrera ezin hobea izan zuen filmak, eta harrezkero eman duten jaialdietan ere bai. Besteak beste, Berlinale jaialdian eman zuten lehen aldia izan zen euskarazko lan bat ematen zutena nazioarteko zinema jaialdi nagusienetako batean, eta Cicae saria irabazi zuen. Beste 40 jaialdi ingurutan ere izan da.
Izandako harrerarekin itxaropentsu zen Caston. «Arriaga antzokia bete zela ikusita, uste genuen eginda zegoela dena». Ez zen deirik izan. Eta gero Berlinale etorri zen. Egoera ez zen aldatu. «Argi pentsatu genuen: ‘egun batzuetako kontua izango da’». Egunak hilabete bihurtu dira, eta Hego Euskal Herrian ez dute aukerarik izan lana emateko. Bai, ordea, handik kanpo: Ipar Euskal Herrian eta Frantzian otsailaren 17an estreinatuko dute, eta beste dozena bat herrialdetan ere erosi dituzte eskubideak. «Kanpoan erraztasun gehiago aurkitu dugu. Hemen dena da zailtasuna».
Ezezkoaren zergatiak
Lortutako sariek ez dute eraginik izan pelikula Hego Euskal Herrian zabaltzeko. «Banatzaileek uste dute pelikula ez dela errentagarria», dio Castonek. Ordea, argi du irabaziak emateko moduko lana dela. «Pelikula erosi duten herrialde guztiek ezin dute erratuta egon: negozioa ikusi dute».
Filma baztertzeko arrazoi gisa, banatzaileek erantzun dute «egile pelikula» dela, soilik egileari interesatzen zaiolakoan gaia. «Baina gure esperientziak dio publikoa ez dela aspertzen eta ez duela pelikula mantsotzat jotzen», azaldu du zuzendariak. Euskarazko lana izateak ere eragina baduelakoan dago Caston. Euskarazko zatiak azpititulu bidez itzuli dituzte. Horregatik, banatzaileena aitzakia hutsa delakoan dago zuzendaria, Madrilen-eta ez dutelako kexarik jaso. «Alde horretatik, Euskadin behintzat eman dezakete».
Eta aurreko traba horiei guztiei gaiaren oztopoa gehitu behar zaie, nagusiena, beharbada: homosexualitatea, baserri munduan eta sentimenduen ikuspegitik landuta. «Banatzaileek uste dute homosexualitatearen gaiak ez duela arrakastarik izango komikoki lantzen ez denean», salatu du Castonek. Filmak ez du ikuspegi horretatik landu gaia, eta ez dute aintzakotzat hartu.
Izatez, proiektuaren sorrerak berak ez zuen bide pribatuetatik ikusi argia. Eusko Jaurlaritzaren menpeko Berdindu Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Arretarako Euskal Zerbitzuaren bidez egin zuten Ander. Homosexualitatea gizartean normalizatzeko bidean urrats bat egitea du helburu lanak, eta horregatik babestu zuen Jaurlaritzak. Oraingo Gizarte Gaietarako Sailak ere onartu du zinema «tresna egokia» dela homosexualitatea gizarteratzeko, baina adierazi du ez duela asmorik filma banatzaileren batek eskura dezan urratsik egiteko, kontua enpresa pribatuen artekoa delakoan.
Pelikula zinemetan ezin estreinatzeagatik «penatuta» dago Caston. Astebete denbora gutxi dela jakitun izanik ere, eragin positiboa izango duelakoan dira pelikularen arduradunak: «Espero dugu publikoak erantzutea, eta banatzaile azkar eta ausarten batek arreta jartzea».
Halakorik ez baldin bada gertatzen, autobanaketa egitea da beste aukera. Baina hitz handiak dira horiek. Castonek onartu du aztertzen ari direla aukera hori, baina lehenbizi estreinaldi teknikoan eta hark izan dezakeen eragin positiboan jarria dute itxaropena. Dena dela, gauzak ez balira nahi bezala joango, ate guztiak zabalik dituzte: «Bi hilabetean-edo banatzaileren batek ez badu egiten gutxieneko eskaintzarik, aztertu beharreko aukera da autobanaketarena. Baina ez da batere erraza».
Nolanahi ere, zuzendariak ez du etsitzeko asmorik. «Gustatuko litzaidake hemen estreinatzea, baina posible ez bada, herriz herri joan beharko dugu pantaila bat hartuta!», dio irribarrez.
(Puede haber caducado)