Bartolome Jimenez eta Isidro Rodriguez.Fundacion Secretariado Gitano fundazioko presidentea eta presidenteordea Lan munduan sartzeko ezinean ibiltzen dira maiz ijitoak; egoera hori iraultzen laguntzeko programa aurkeztu dute asteon Donostian.

«Berandu ohartu ginen heziketan dagoela boterea»

Berria, , 20-11-2009

Mikel Peruarena.
Donostia

Fundacion Secretariado Gitano elkarteak badaramatza 30 urte lanean ijitoen bizi-baldintzak hobetzeko borondatez. Isidro Rodriguez fundazioko presidentea eta Bartolome Jimenez fundazioko presidenteordea Donostian izan ziren asteartean, Donostian zabaldu berri duten bulegoaren inaugurazioan. ijitoak lan mundura sartzeko Acceder programa ere aurkeztu zuten.

Zer lan egiten du fundazioak?

ISIDRO RODRIGUEZ. Txabolismoa erauzteko eta bizileku berriak aurkitzeko programak dauzkagu, heziketa programak, osasun programak gazteekin… Ikerketak egiten ditugu enpleguan, hezkuntzan, etxebizitzan, tratu berdintasunerako arlo berezia dugu… Oso ekimen zabala dugu. Batetik, zerbitzuak eskaintzen ditugu; bestetik, politiketan eragin nahi dugu.

Zer kezkak eragin zuen Acceder programa sortzea?

I. R. Aspaldiko kezka da, eta baditugu bestelako programak ere, baina indartsuena programa hau da, helburua lan merkatura sartzea baita, gainerako herritarrak bezala. Programa sortu zenean, ekonomiaren gorako ziklo bat egokitu zen, orain gertatzen ari denaren aurkakoa; enplegu asko sortu zen. Fundazioak ikusi zuen enplegurako aukerak zeudela. Bestalde, baliabide asko daude trebakuntzarako, baina ijitoek ez dituzte baliatzen. Kaleko salmentan daude, eta hortik bizi diren familiak ondo bizi dira, baina etorkizunean pentsatuz, gazteek, bai mutilek bai neskek, aukera izan behar dute soldatapeko lan merkatura sartzeko.

Beste batentzat lan egiteko errezelorik badute ijitoek? Itxura batean, oso jende independentea dirudi…

BARTOLOME JIMENEZ. Kar-kar. Oso independenteak gara diozun bezala. Baina gure izateko modua aldatzen ari da. Bidean gauza batzuk uzten ari gara, baina hartzen ari gara beste batzuk. Gure garai bateko lanen hargin, arotz… ordez, gure gazteak lantokietan, merkataritza guneetan, unibertsitateetan… ari dira. Gure gazteria Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatzen ari da; lehen oso zaila zen. Gure lanari esker, ijitoen pentsamoldea ere aldatzen ari da. Oso berandu ohartu ginen heziketan dagoela boterea.

Gizarte zerbitzuak laguntza beharrean lan mundura heltzeko traba izan litezkeela azaldu duzue…

I. R. Bartolok askotan esaten du hori: «Ijitoak oso langileak dira, baina alfer bilakatuko gaituzte gizarte laguntzek». Gizarte laguntzak funtsezkoak dira pertsonak babesteko, baina, azkenean, pertsonak autonomia behar du. Aukerak egon behar dute pertsonen garapenerako, eta aukerak sortzen dira enplegura bideak irekitzen dituzten ekimenekin, ez menpekotasunarekin.

Zer beste arazo aurkitzen dituzue ijitoek lan munduan sartzeko?

I. R. Hau komunitate aberatsenetako bat izanik, ijitoen gizarte egoera ez da beste komunitate batzuetan baino hobea. Arreta ematen du bazterketa asko dagoela. Botere politikoen aldetik politika aktiboagoak eta ausartagoak behar dira ijitoentzat.

B. J. Bitxia da, baina gizartearen gehiengoak beti aurpegiratzen digu ez dugula lan egin nahi, ez ditugula gure haurrak eskolara eraman nahi. Baina, egiaz, lanpostu batengatik borrokan ari garenean, baztertu egiten gaituzte; etxe bat alokairuan hartu nahi badugu, ez digute alokatzen, eta gure semeek eta alabek ikasten dutenean, bazterketa jasotzen dute. Gizartearen bazterketa ez, esan dezagun argi, arrazakeria da. Nik beti esaten dut gutxi direla, eta koldarrak, eta irabaziko ditugula, oso konstanteak garelako.

Zein lan dira giltzarri, zuen ustez, gerorako?

I. R. Bi ildo daude. Bazterketaren aurka egitea eta hori enpleguan eta trebakuntzan inbertituz egiten da, eta, bestetik, txabolategiekin bukatzea. Gero, lan politikoa dago egiteko, herritartasun eskubideen gainean egin behar dena: ijito herriaren onarpena. Aitortzarako politikak behar dira, bai kultur arloan, bai bizitza sozialean eta politikoan parte hartzeko. Eta, azkenik, bazterketa. Bazterketa badago, oraindik.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)