Etorkinen aurkako jazarpen egoerari egotzi diote Bilbon itotako gaztearen heriotza
Etorkin izate hutsagatik susmagarri bihurtzen direla deitoratu dute immigranteen defentsarako elkarteek
Berria, , 18-11-2009Maite Asensio.
Bilbo
Ertzaintzarengandik ihesi, bere burua Bilboko itsasadarrera bota zuen gazte etorkin batek, eta ito egin zen. Auzi horrek paperik gabekoen presioaren eta Poliziaren jazarpenaren inguruko eztabaida piztu du Bilbon. Etorkinen eskubideen aldeko elkarteek diotenez, sarri jasotzen dute antzeko kasuen berri: etorkin izate hutsagatik susmagarri bihurtzen diren pertsonak, arrazaren araberako identifikazioak, eta «kutsu arrazista duten polizia gehiegikerien» inguruko salaketak.
18 urte zituen hildakoak, eta jaiotzez Aljeriakoa zen. Duela astebete pasatxo, hilaren 7ko goizaldean bota zuen bere burua itsasadarrera; Bilboko Casilda Iturrizar parkean zebilen lagun batekin, eta Ertzaintzak gelditzeko eta identifikatzeko esan zien, ordu batzuk lehenago handik hurbil izandako lapurreta baten egileak zirelakoan. Gazteak korrika atera ziren; batek itsasadarrera bota zuen bere burua, eta desagertu egin zen; herenegun agertu zen hilotz. Ertzaintzak berretsi egin du hildakoak ez zuela egotzitako lapurretarekin zerikusirik. Halaber, SOS Arrazakeriak jakinarazi du gazteak ez zuela aurrekaririk.
«Kezkatzen gaitu zerk bultzatzen duen pertsona bat horrelako erabaki bat hartzera, bizitza arriskuan jartzera», adierazi du Patxi de la Fuentek, etorkinen eskubideen aldeko Mbolo Moy Doole plataformako kideak. Etorkinak, batez ere paperik ez dutenak, «desesperazio egoeran» bizi direla azaldu du, «ez hainbeste egotz diezazkieketen delituengatik, baizik eta Atzerritartasun Legeagatik».
Izan ere, egoera administratibo irregularrean dauden pertsonak berehala kanporatzeko agindua ematen du lege horrek. «Paperik gabeko emakume asko ez da tratu txarrak salatzera ausartzen, polizia etxean salaketa jartzera sartu, eta kanporatze aginduarekin ateratzen direlako», dio De la Fuentek. Hala, etorkinen migrazio proiektua edozein momentutan bertan behera gera daitekeela gogorarazi du: «Gure artean dauzkagun pertsona batzuk beldurrez bizi dira, edozein unetan bahituak izan daitezkeelako arrazoirik gabe. Eta horrek oso egoera berezian jartzen ditu».
Ildo horretan, Bizkaiko SOS Arrazakeriako kide June Fernandezek «lotsagarritzat» jo du «Poliziak errugabetasun presuntzioa hausteko duen arintasuna». Poliziaren aurrean ihesi ateratzen denak zerbait ezkutatzen duela adieraztean, Ertzaintzak agertu duen jarrera deitoratu du Fernandezek. «Immigranteek arrazoi onak dituzte poliziengandik ihes egiteko. SOS Arrazakerian, kutsu arrazista duten polizia gehiegikerien inguruko salaketak jasotzen ditugu maiz, eta hutsegiteen ustezko egileak kanporatze aginduekin zigortzen dituztela ikusten dugu», esan du.
Halaber, hedabideek albisteari eman dioten tratamenduak ere kezka eragin du Fernandezengan: «Etorkinen errealitatearen inguruan sentiberatu ordez, gazte magrebtarren inguruko estigmak elikatzen dituzte». SOS Arrazakeriaren aburuz, gaztearen heriotzak Espainiako Atzerritartasun Legearen «ondorio dramatikoei» buruzko gogoeta eragin beharko luke.
Etorkinak, susmagarri
Atzerritarren eskubideen aldeko elkarteek behin baino gehiagotan salatu dute immigrazioaren eta segurtasun ezaren artean egiten den lotura «maltzurra». Etorkin izateak susmagarri bihurtzen ditu hainbat atzerritar, Patxi de la Fuenteren arabera: «Immigranteak direla fisikoki ikusten denean, beste pertsonei baino gehiagotan eskatzen zaie identifikatzeko. Aldiz, lapurreta baten susmagarria zuria denean, ez zaie inguruan dabiltzan zuri guztiei dokumentazioa eskatzen». June Fernandezek berretsi du etorkinak eta segurtasun eza lotzen dituen aurreiritzia oso hedatuta dagoela, eta, ondorioz, arrazaren araberako identifikazioak egiten dituztela polizia indarrek.
Halaber, etengabeko susmagarritasun eta tentsio egoera horretan egoteak bestelako delituak eragin ditzakeela ohartarazi du De la Fuentek. Adibide bat eman du: «Bere motorra zabaltzen ari zen etorkin bat lapurretan ibil zitekeelakoan, norbaitek abisua eman zion Poliziari. Motorra berea zen, baina atxilotu zuten, gau osoa polizia etxean eman zuen, eta, ondoren, ordena publikoaren aurkako hutsegitea leporatu zioten».
De la Fuentek gaineratu duenez, «erraztasun handiz» jartzen dira halako salaketak euren burua defendatzen duten etorkinen aurka. Salaketa horiek, era berean, zailtasunak ekar diezazkiekete paperak berritzeko.
(Puede haber caducado)