Bira

Munstrokeria

Berria, Itxaro Borda, 17-11-2009

Goncourt saria eraman zuen Marie N’Diaye anderea jada boterearen zurrunbilo zizkolatsuetan igerika dabil, uhin salbaietarik nola aska asma ezin. Iragan agorrilan, txalotu genion Les inroks astekariaren zutabeetan errana, Sarkozyren Frantzia munstrokeria bat zela alegia. Berlinen bizi da, Pariseko giroa depresiboa eta hitsa zaiolako.

UMP-ko Raoult diputatuak Frederic Mitterrand ministroa helatu zuen duela zenbait egun idazlearen hitz laidogarriak salatuz eta erantsiz Goncourt irabaziz devoir de réserve delakoa eta Frantziaren irudia zein batasun nazionala errespetatu behar zituela. Eztabaida garatzen doa, uste ez den eremuan: Sarkzoyren atzamar artean zein izan diteke izkiriatzaileen betekizuna? Laudorio etengabea? Itsutasuna, gaurko gobernarien kultura mailaren erakuslea den Dany Boon nazkagarriak légion d’honneur hura eskuratu berri duelarik?

Marie N’Diaye, Delphine de Vigan, Lydie Salvayre edo Anne-Marie Garat irakurtzen ditugunean, orrialdeak erresistentzian sarraraziak dituztela ohartzen gara. Ahoan bilorik eta prentsa konkistatuaren begirunerik gabe. Alain Badiou filosofoak 2007an pausatu galderan galtzen goaz: zer gordetzen da Sarkozy izenaren gibelaldean?

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)