Identitate nazionalaren inguruko eztabaida hasi berri du Frantziako Gobernuak; ekimena, baina, martxoko eskualde hauteskundeei begirako estrategia bat baino ez dela uste du oposizioak.

Frantzia, nortasun bila

Berria, , 17-11-2009

Allande Sokarros.

Zer da, gaur egun, frantziar izatea?». Galdera xelebre horri erantzun diezaioke azaroaren 2tik mundu zabaleko edozein herritarrek; izan ere, iruzkin egilea frantses herritarra denik ezin dute egiaztatu. Frantziako Immigrazio eta Identitate Nazionalaren Ministerioak paratutako webgunean dago galderari erantzuteko aukera – www.debatidentitenationale.fr atarian-. Identitate nazionalari buruzko eztabaida handia izen ponpoxoa jarri diote ekimenari; Eric Besson Immigrazio eta Identitate Nazionalaren ministroak du abian jarri, baina begi bistan geratu da Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen egitasmo baten ildoari eutsi diola.

Zehazki, Interneteko gune batean edonork iritzi bat jartzea baino haratago, Administrazioa bera ere jarri da ustezko eztabaida horren zerbitzura. Hala, prefet eta suprefet guztiei agindu zaie gai horren inguruko bilera publiko bat antolatzeko. Frantziako gobernukideei eta legebiltzarkideei ere eskuineko gehiengokoei behintzat gomendatu diete eztabaidari hel diezaioten, hedabideetan adierazpenak eginez edota iritziak plazaratuz.

Erantzunak emateko muga urtarrilaren 31 izango da. Besson ministroak berak plazaratuko ditu eztabaidaren ondorioak eta oharrak, otsailaren 4an. Haatik, dagoeneko lau haizeetara zabaldu dira identitate nazionala sendotzeko helburuan Gobernuak bidera ditzakeen asmo batzuk. La Marseillaise Frantziako himno nazionala eskola publiko orotan ikastea derrigorrezkoa izatea da neurri horietako bat. Ereserkiaren kontra txistu egiteak kirol jokaldi batean, esaterako isun batekin dago zigortuta gaur egun.

Frantzia izaera nazionalista nabarmeneko estatu bat izan da betidanik. Sarkozy presidenteak hasi duen ekimen honek, hala ere, salaketa ugari jaso ditu; gehienbat zentro eta ezkerreko oposizioaren aldetik, baina baita eskuinean lerratzen diren hainbatengandik ere. Sozialistek, komunistek, ekologistek eta ezkerreko beste hainbat eragilek bozetan etekinak ateratzeko asmo argia antzematen diote eztabaida horren antolaketari; nonbait, ez baita kasualitatea ekimen hau abiatzea datorren martxoan egitekoak diren eskualde hauteskundeen atarian. Ordura begirako estrategia bat baino ez dela ondorioztatu dute, beraz, oposizioko eragileek.

Eskuin muturrera

Benoit Hamon PS Alderdi Sozialistako eledunak argi du: «Sarkozyk Fronte Nazionaletik [eskuin muturreko alderdia] hurbil diren hautesleei keinuak egin nahi dizkie, eta haien botoa lortuko duela bermatu». Iritzi horrekin bat datoz komunistak, ekologistak, ezkerreko beste taldeak eta baita MoDemeko zentristak ere.

Sarkozy sostengatzen duen eskuineko gehiengoaren artean, baina, badira kritikak egin dituzten ahotsak ere. Martin Hirsch Elkartasun Aktiboetarako komisario gorenak aurretik ezkerrean aritutako da ekimena «erabat politikotzat» jo du. Christine Boutin ministro ohiak eskuin tradizionalistakoa, berriz, «guztiz arriskutsutzat» jo du eztabaida.

Jean-Marie Le Pen eta haren alaba Marine Le Penek, FN Fronte Nazionaleko buruek, aitzitik, ekimenean askoz ere urrunago joateko exijitu diote Sarkozyri. Marine Le Penek «identitate nazionalaren inguruan hausnarketa bat» eskatu du, ingurumenaren gaiaren inguruan egindakoaren eredu beretik. Eskaera hori argudiatzeko, hitzordu bat eskatu zion presidenteari joan den asteazkenean. Bi egun gerorago, aitak are ahoberoago jokatu du Halde egituraren desegitea exijituz, haren iritzian «identitate nazionalaren etsai» baita.

Halde da Bazterketaren kontrako eta Berdintasunaren aldeko Goi Agintaritza, eta, Le Penen irudiko, «egitura horren ekintzak familia, gizarte eta nazio errealitateen ukazioan oinarrituta daude». Le Penen iritzian, hortaz, «bada garaia Frantziako identitatearen sustraiak apurtzearren, etengabeko azpijokoan diharduen erakundearen diru iturriak agorrarazteko, eta ez gutxitzeko bakarrik». Esaldi horrekin, eskuin muturreko buruzagi politikoak erreferentzia egin dio Frantziako Legebiltzarrari; Finantza Batzordeak erakundeari ematen dion dirua gutxitu berri baitu: 12,9 milioi eurotik 11,9 milioi eurora.

Kontzeptu berria

Frantzia nazionalismo bizkorreko estatua baldin bada ere, identitate nazionalaren kontzeptua 80ko hamarkadan asmatu zela gogorarazi berri du Anne-Marie Thiesse historialariak. Le Monde egunkariaren azaroaren 7ko edizioan azaldu zuenez, bere izaera arriskuan sentitzen duen gizatalde batek du muturrerako joera hartzen du, besteekiko aldea ageriago nabarmentzeko: «Ez da kasualitatea identitate nazionala esapidea 1980ko urteetan agertu izana, Frantzia bere lidergoa galtzen hasi baitzen garai hartan eta, ondorioz, ahulagoa sentitzen zen». Thiessek nabarmendu du, halaber, identitate nazionalaren kontzeptuak ideologia politikoen gainbehera ordezkatu zuela nolabait.

Le Parisien egunkariak azaroaren 5ean argitaratutako inkesta baten arabera, anartean, frantses herritarren %60k begi onez ikusten dute identitate nazionalaren inguruko eztabaida.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)