Jira

Sarkozy galdezka

Berria, Xabier Lekuona, 10-11-2009

Kanpaina abiatu du Sarkozyk «zuretzat zer da frantziar izatea?» galderaren inguruan. Lehendakari frantziarrak Le Penen esparrua zaindu nahi du, nortasun frantsesa lehen lerrora ekarri. Populazioaren %13 etorkina izanik, Frantziako balioen inguruan eztabaida sortu nahi omen du 8 milioi etorkin horiek integra daitezen; Sarkozyk aho txikiarekin dioenez, frantziar izateaz harro senti daitezen. Aitortu behar zaio, arrazoi bategatik edo bestegatik, gutxienez etorkinen garrantzi elektorala kontuan hartzen duela presidenteak.

Euskal Herrian, berriz, lehendik ere migrazio kontuez jakin badakigu, baina, oro har, etorkinak nola integratu ez da asmatu. Bistan da inork ez duela apenas inbertitu horretan, eta emaitza begi bistakoa dela: kaskarra. Espainolez integratu dira. Espainolizatu ditugu. Jaurlaritzak bultzatutako Helduen Hezkuntzak eskaintzen dituen ikastaroen berri ematen duen biorrikoa jaso dut etxean. Etorkinentzako espainolezko ikastaroak ematen dituzte. Primeran. Euskarazko ikastaroen arrastorik ez. Eta ez da Zelaa espainolzalea delako, aurreko sailburuek ikastaro berberak eskaini izan baitituzte. Gutxienez, etorkinen garrantzi elektoralaz jabetu bagina…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)