Etorkinei bereziki zuzendutako hiztegia kaleratu du Udalak

Diario Vasco, 10-11-2009

DV. Urtean – urtean haziz doa Azpeitiaratzen diren atzerritarren kopurua. Hori dela eta, bereziki etorkinei bideratutako eskuko hiztegi berria atera du Azpeitiko Udalak, Euskara Patronatuaren bidez. Euskara (batua eta Azpeitiko hizkera), portugesa, arabiera, gaztelania, urdua, poloniera eta txinera dira berrogei orrialdeko hiztegitxoan jasotzen diren hizkuntzak.

Eguneroko edo ohiko eginkizunetan erabiltzen diren hitz eta esamoldeak aipatutako hizkuntza denetan nola esaten diren jakiteko baliogarria da hiztegia. Horixe da tresna berriaren helburua: integrazioa erraztea. Kasu honetan, hizkuntza trabak arinduz eta gurera datozenei ezezaguna duten euskarara hurbiltzen lagunduz. «Euskarak hiztunen premia gorria du. Gure hizkuntzak inor ez du kanpotar. Hemen denok gara etorkin: batzuk duela hamar mende ailegatu ginen, beste batzuk orain dela bi minutu. Eta beste asko, berriz, bidean gatoz. Ondo etorri denok!». Mezu hori irakur daiteke hiztegiaren aurreneko orrialdeetan, zazpi hizkuntzatan.

Agurrak, denbora, norabideak, ohiko hitzak, garraioak, pertsonak, jateko – edatekoak, egunak, zenbakiak, etxea, lekuak, dirua, sorlekuak eta komunikazio euskarriak. Hamalau esparruotan banatu dira hiztegi berrian jaso diren 201 hitz eta adierazpideak.

Aleak eta banaketa

Eregi euskara eta komunikazio enpresak egin du eskuko hiztegia eta 1.000 ale argitaratu ditu momentuz Udalak. Udaletxean Gizartekintzako bulegoetan edo harreran eskatu daiteke. Udal Liburutegian eta Euskara Patronatuan ere eskura daitezke hiztegitxoak, baita herriko ikastetxeetan eskatuta ere. Doan banatuko dira ale guztiak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)