Oarsoaldea-Buruntzaldea
Errenteriako Mikelazulo kultur elkarteak Herrien Astea ospatuko du larunbata arte
larunbata arte hitzaldiak, afaria, kirolak eta ikuskizunak egongo dira etorkinei elkartasuna adierazteko xedearekin
Diario de noticias de Gipuzkoa, , 08-11-2009Errenteria. Mikelazulo kultur elkarteak beste behin Errenteriako Herrien Astea antolatu du. Asteartetik larunbatera arte ekitaldi mordoa prestatu dute: hitzaldiak, afaria, haurrentzako ikuskizunak eta kirolak. Ekimen honen helburua informazioa, salaketa, elkartasun adierazpenak eta etorkinekiko elkarbizitzarako espazio errealak sortzea da.
Honela, asteartean 19.30ean elkarteko lokalean Esperanza, Palestinari buruzko laburmetraia, botako dute. Bertan izango da Aintzine Biain zuzendaria.
Asteazkenean, 10.00etan Errenteriako Erdi Aroko harresien bisita egingo dute haurrek, Jose Mari Carrereren eskutik. 11.00etan umeentzako emanaldia, Azken Portu, izango da Xenpelar Etxean. Arratsaldean, berriz, 19.30ean Mikelazulon, Xabier Aierdik hi-tzaldi bat eskainiko du Zertaz ari gara arrazakeriaz ari garenean?, izenburupean.
Ostegunean, ordu eta leku berean, Euskal Herria helmuga dokumentala ikusteko aukera egongo da eta 22.30ean Bossa Brasil taldearen kontzertua prestatu dute De Cyne Reyna tabernan.
Ostiralean, 14.00etan Herrien graffitia marraztuko dute hainbat lekutan. Arratsaldean etorkinen ikuspegitik antolatutako argazki erakusketa zabalduko da.
Larunbaterako ekitaldi gehienak gorde dira. Izan ere, 11.00etan GoLore futbol txapelketa jokatuko dute Ertamerika, Ginea, Afrika Zentrala, Errumania, Arabia, Hego Amerika, Ukrania eta Euskal Herriko taldeek. Herriko bertsolarien kantuek girotuko dute lehiaketa. 21.30ean, Herrien Asteko afaria ospatuko dute. Jarraian Honduraseko abeslarien txanda izango da.
Aste osoan zehar, bi erakusketa izango dira: bata Indiari buruzkoa
Xenpelar Etxean eta bestea, Oswaldo Hernandezen Mexiko eta Kolonbiako argazkiekin Mikelazulon.
(Puede haber caducado)