Oso aurrekontu murritzarekin egindako filma da 'Myna se va'. Etorkin baten bizitza du ardatz istorioak, eta Bilbon aurkeztu dute, zinema eta immigrazioari buruzko jaialdian.

Baliabiderik ezak kalitatea dakarrenean

Berria, , 06-11-2009

Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo

Dirua ez da dena, ezta zineman ere. Diruak ez baitakar azken emaitza ona izatea, ezta dirurik ez izateak azken emaitza kaskarra izatea ere. 3.000 euro baino gutxiagorekin egin dute Sonia Escolanok eta Sadrac Gonzalezek Myna se va pelikula. Baliabiderik gabe, baina, izandako kritikei eta sariei erreparatuta, oso duin egin dute lana. «Zenbat eta diru gutxiago izan, orduan eta hobea da lana», esan du Gonzalezek.

Istorioak eta hura pantailara eramateko prozesuak badute elkarrekin lotura. Ekialdeko Europatik etorritako immigrante bat da protagonista; baliabiderik gabekoa, sosak ume zaintzen ateratzen dituena. Haren antzera, diru handirik gabe aritu behar izan dute zuzendariek ere. «Ondo dator. Paperik gabeko etorkinek ere ez daukate baliabide handirik. Haien lekuan jartzeko balio du pelikula baliabiderik gabe egiteak», esan du Escolanok. Hala ere, ez da dena erraza izan. «Mesede asko eskatu ditugu, kobratu gabekoak», dio Gonzalezek.

Dirurik ezak behartu ditu hala jokatzera, baina, hartatik, beste helburu bat ere izan dute. «Demostratu nahi genuen posible dela pelikula bat oso ona egitea dirurik gabe». Zuten diru apurrarekin joan-etorriak eta otorduak ordaindu ahal izan dituzte; gainerakoa, arropak-eta, ahal den lekutik atera dituzte. «Moldatu gara nolabait», diote irribarrez.

33 minutuko bortxaketa

Baliabide gutxikoa, baina film landua egin nahi izan dute. Mynaren bizimodua barneratzeko, psikologoen laguntza ere izan dute. Bortxatu egingo dute protagonista, eta haren bizipenak nolakoak izango liratekeen aztertu nahi izan dute filma egin aurretik. Bortxaketa baten gogorra eta hura jasten duenaren sufrimendua islatu nahi izan dituzte.

Sekuentzia luzea da bortxaketarena: 33 minutuko plano etengabea. «Ikus-entzuleak egoeratik ez ateratzea nahi genuen». Bortxaketa jasaten ari denaren larruan jarri nahi izan dute orduerdi pasatxoko planoan. «Enpatia lortzea errazagoa da 33 minutuz bortxatuaren lekuan jarrita».

Esplizituki ezer ikusi ez arren, Gonzalezek eta Escolanok onartu dute plano gogorra dela. «Psikologikoki izugarria da, pertsonaiek transmititzen duten karga emozional handiagatik». Izatez, haien helburua izan da bortxatuak jasandako bortizkeria adieraztea. «Baina ez funtsik gabeko bortizkeria», argitu du Gonzalezek. Pertsonaien aurpegiak enfokatzen ditu kamerak gehien. Haren ustez, hori da interesgarriena: «Ikus-entzuleak imajina dezala zer ari den jasaten pertsonaia, baina ezer zehatzik ikusi gabe».

Hiru hilabeteko entrenamendua behar izan dute planoa segidan grabatzeko. Lanak izan du saria, ohorezko aipamenak jaso baititu aktoreak Europako eta Ameriketako hainbat jaialditan. Lortutako emaitzarekin gustura daude, etorkinen eta andreen egoera azaldu dutelakoan baitaude. «Zinema ez da soilik entretenitzeko. Gizarteko arazoen ahots izan behar du», dio Solanok. «Baina dirua soilik nahi dute produktoreek».

Estreinaldiaren aurreko emankizuna atzo izan zen, Bilbon, Zinema eta Immigrazioaren III. Astearen barruan. Esperodute otsailean areto batzuetan izatea.

MYNA SE VA’

Zuzendaritza. Sadrac Gonzalez eta Sonia Escolano.

Aktoreak. Maria Del Barrio, David Lopez-Serrano, Diana Facen, Chema Rolland.

Herrialdea. Herrialde Katalanak (2008).

Iraupena. 117 minutu.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)