Izengabeak, izenik ez dutenak
Cary Fukunagaren 'Sin nombre' filma Oscar sarietarako bidean jarri du Universal ekoiztetxeak
Berria, , 30-10-2009Ainara Rodriguez.
Izenik gabea da Cary Fukunagaren lehen film luzea, eta izengabeak dira istorioan protagonista direnak. Izengabea da askorentzat filmean lantzen den gai nagusia: emigrazioa. Izengabea da Fukunagarentzat izenik ez duena.
Latinoamerikako istorioek irudi gogorretara ohitu dute ikuslea. Istorio lazgarriak izan ohi dira, atsekabez beteak. Beharbada, maiz, hango hiri eta herrien erakusle gisa jarduten dutelako izan liteke. Sin nombre pelikula, horietako bat da, sentimentala, tristea, inguruetako ispiluaren isla. Immigrazioa lantzen du Fukunagak bere lehen film luzean. Film laburra egina zuen lehendik gai berberaren inguruan: Victoria para chinos. Film horretarako dokumentazio lanetan lortu zuen film luzerako informazioa zuzendari estatubatuarrak.
Askok ezagunak dituzte AEB Ameriketako Estatu Batuak eta Mexiko banatzen dituen mugan bizi diren arrisku egoerak. Aldiz, ez zuen bereziki muga horrek deitu Fukunaga zuzendariaren arreta. Egunero-egunero dozenaka omen dira, AEBetara iristea xede izanik, Honduras, Nikaragua eta Guatemalatik Mexikoko hegoaldeko muga zeharkatzen dutenak. Bidaia arriskutsua da, imajina ezin litezkeen trabaz betea. Ez dute oinez zeharkatzen, gainera. Trena baliatzen dute horretarako, eserleku pribilegiatu bezain deserosoetan: treneko sabaian.
Bide hori egiten dute Sayra (Paulina Gaytan), Casper (Edgar Flores) eta Smileyk (Kristyab Ferrer), Sin nombre-ko protagonistek. Oso jatorri ezberdinekoak dira hirurak. Sayra, bere aita eta osabaz lagunduta, bizitza egokiago baten bila Hondurastik alde egiten duen neska gaztea da. Casper, berriz, Mara taldeko gaizkile bat da, trenera igotzen diren emigranteak asaldatu eta bortxatzea helburu dutenak. Eta Smiley, Mara taldean jarduteko sarbide prozesua egiten ari den 12 urteko nerabea. Mexikoko muga zeharkatzea lortu eta Tepachulara iristen den trenaren zain elkartuko dira hirurak. Hortik aurrera bizirik irauteko guda bat jokatuko dute, amodioa, bortizkeria, lukurreria… direla tarteko.
Emigrazioa eta horrek sortzen dituen zauriez jabetuta, ez zuen zalantza izpirik izan Latinoamerikara joan eta gertatzen denaren inguruan bertatik bertara dokumentatzeko. 2005ean egin zuen Fukunagak Mexikorako bidaia hura, filmean lagunduko zuten bi lagunen ondoan. Txangoa, baina, bakarrik amaitu zuen Fukunagak.
Beraien bizitza arriskatu eta bizitza hobe baten eskean AEBetara joaten direnen alboan egin zuen bidaia, trenetako sabaietan igota, arrisku berberak pairatuz. Bidean elkartutakoekin osatu zituen gidoiak; haien iritzia ere jasotzen zuen askotan, errealitatera ahalik eta gehien gerturatzearren. Askok erotzat jotzen zuten, baina beste askoren esker ona ere jaso zuen Fukunagak, egiten ari zenaren berri ematen zuenean. «Bidaiak amaitu nituenean, asko ikasi nuela konturatu nintzen, eta are behar handiagoa sentitu nuen bizitakoa kontatzeko».
Egindako lana saritua
Hiru urte eman ditu Fukunagak Zinema Zuzendaritza ikasketak egiten AEBetan, eta amaiera proiektu gisa ikusten du askok harne lan hau. Aukera arriskutsua egin du, gainera, horretarako; antzezleak ez dira oso ezagunak, batzuk zineman inoiz aritu gabekoak dira. Edonola ere, batzuen anonimotasuna zein besteen esperientzia eza baliatu nahi izan ditu zuzendariak azken emaitzarako.
Donostiako Zinemaldian Horizontes Latinos saila zabaldu zuen Sin nombre filmak. Lehentxeago, baina, igarota zegoen bestelako jaialdi batzuetatik. Sundanceko jaialditik (Utah, AEBak), esaterako. Zuzendari onenaren saria eraman zuen Fukunagak han. Pelikulak argazki onenaren saria ere jaso zuen. Ez da jaso duen sari bakarra izan, hala ere. Deauvilleko Zinema Jaialdian ere, Frantzian, epaimahaiaren saria eraman zuen.
Sariak batu eta batu dabil Fukunaga. Beste bide bat zabaldu berri da haren lana ezagutarazteri begira: Universal ekoiztetxeak Oscar sarietarako bidean jarri du Sin nombre pelikula.
‘SIN NOMBRE’
Zuzendaria: Cary Fukunaga.
Gidoia: Cary Fukunaga.
Aktoreak: Paulina Gaitan, Edgar Flores, Karl Braun, Kristian Ferrer…
Herrialdea: Mexiko.
Iraupena: 96 minutu.
(Puede haber caducado)