Genero indarkeria arrazan oinarritutako delituekin parekatu dute AEBetan

1968tik indarrean dagoen legea zabaldu du Edward Kennedy senatari izandakoaren egitasmoak

Berria, Arantxa Elizegi. , 30-10-2009

Bazterketa eta gorrotoan oinarritutako delituen zerrenda zabaldu dute AEBetan. Aurrerantzean arrazan oinarritutako delituen pare epaituko dituzte generoarekin edo sexu joerarekin lotutako indarkeriak, baita gutxiengoen aurkakoak ere. Herenegun gauean sinatu zuen Shepard-Byrd legea AEBetako presidente Barack Obamak. «Gure izpiritua apurtu nahi duten delituen aurka egin behar dugu. Batasun hobea lortzeko aurrerapausoa da hau».

Lege proposamena Edward Kennedy senatari izandakoak egin zuen, eta joan den astean berretsi zuten Senatuan, aldeko 68 botorekin eta kontrako 29rekin. Aurretik onartua zuten Ordezkarien Ganberan. Egitasmoa 1968tik indarrean dagoen legean oinarritzen da. Horrek delitutzat jotzen du etnian, arrazan, herritartasunean edo erlijioan oinarritutako bazterketa. Giza Eskubideen Lidergorako Konferentziak txalotu egin du erabakia. «Lege honekin gure herriak beste urrats bat egin du estatubatuarrak indarkerien edo jazarpenaren beldur bizi ez daitezen, haien arraza, kolorea, erlijioa, jatorria, generoa edo sexu joera edozein dela ere».

Biktimei omenaldia

Gorrotoak bultzatutako erasoetan hildako bi gazteren omenez jarri diote egitasmoari Shepard-Byrd izena. 1998an, Matthew Shepard jipoitu eta hesi batera lotuta utzi zuten, homosexuala zelako. Hantxe hil zen. James Byrd, berriz, aurten hil zuten, Texasen. Gaztea jipoitu eta kamioneta batekin arrastaka eraman zuten hainbat metroan hil zen arte. Arrazoia: beltza izatea. AEBetako Ikerketa Bulego Federalaren arabera, 2003 eta 2007. urteen artean %40 ugaritu ziren hispanoen aurkako erasoak.

Guztiek ez dute, ordea, begi onez hartu erabakia. Cynthia Lummis ordezkari errepublikanoaren iritziz, ez zen beharrezkoa legea aldatzea. «Lehendik ere krimenak dira ekintza horiek eta hala ikertzen eta epaitzen dira». Harekin bat etorri dira talde erlijioso kontserbadoreak, baina beste arrazoi batzuengatik. Horiek ohartarazi dute legeak bidea zabaltzen duela abortuaren eta homosexualitatearen aurka hitz egitea delitu bilakatzeko. Justiziako buru Eric Holderrek, ordea, baztertu egin du halakorik, eta nabarmendu du araudiak ez duela adierazpen askatasuna kolokan jartzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)