Gipuzkoan beste zentro bat izango dute «jokabide larria» duten etorkin adingabeek

Debako zentroa «beste fase batera» igaroko dela dio Etxanizek, jarrera hobetu dutenen gizarteratzea errazteko

Berria, Jon Rejado. , 30-10-2009

Gipuzkoako Aldundiaren zaintzapean dauden seniderik gabeko adingabe atzerritarrentzako zentroen sarea handituko dute «datozen asteetan», Maite Etxaniz Gipuzkoako Gizarte Politikarako diputatuak jakinarazi duenez. Zentro horretara «jokabide larria» duten adingabeak bidaliko dituzte, eta hamabi lagunentzako tokia izango du. Hau da, orain arte Debako Oilur zentroak zuen helburua izango du.

Zentro berri hori irekitzen denean, Oilur zentroak ez du orain arte izan dituen helburuak izango. Etxanizek Gipuzkoako Biltzar Nagusietan emandako azalpenen arabera, «gizarteratze lanean» aurrera egiten duten adingabeek jarraituko dute Debako zentroan. «Gazte horien gizarteratzea eta haien egoera normalizatzeko bigarren fasea egingo da Oilurren». Horri ekin aurretik zaharberritze lana egingo dute han.

Adingabeentzako zentroaren kokapena zehaztu ez duten arren, badirudi Elgetako udalerrian egingo dutela, herritik urrun, Aldundiak zaharberritu duen baserri batean. Hala, Debako zentroaren moduko hesiak jarri dituzte baserriaren inguruan. Aldundiak ez daki zein erabilera emango dion baserri horri, baina Elgetako Udaleko iturriek jakinarazi dute bertan eskainiko den zerbitzuak eskubide guztiak berma ditzan zuzenketak egin zituztela, baita inguruko herritarren segurtasuna bermatzeko ere. Foru Aldundiak ez du kokapenaren berri eman, hori egingo balu «legearen aurka» egingo lukeelako.

«Bakartze fasea» babestu

Zentro horretan «bakartze fasea» igaroko lukete adingabeek, Oilur, Iturriotz-Azpi eta Zanduetako zentroetan egiten zen bezala. Batzar Nagusietan, Maite Etxanizek adierazi zuen adingabeak fase horretan sartzea «zuzena eta egokia» dela, horri esker «duten jarrera desegokia dela ikusi eta horrek etorkizunera begira izan ditzakeen ondorioak» ikusteko baliagarria delako. Dena den, adingabeak hezteko programa bat izango duela jakinarazi zuen Etxanizek.

Batzar Nagusietan egindako azalpen horiek Iñigo Lamarca EAEko arartekoak Debako zentroari buruz idatzi zuen txosten baten harira egin zituen Etxanizek. Aipatu zentroan Foru Aldundiari dagokion adingabeen zaintza lanean «gabeziak» daudela ondorioztatu zuen arartekoak. Etxanizek onartu zuen arazoak egon zirela hasieran, baina arartekoaren txostenak «maiatzetik aurrera» izan den egoera ez duela erakusten nabarmendu zuen.

Etxanizek berretsi zuen adingabeek gauzak apurtu egin zituztela baldintza txarretan zeudela esan ahal izateko. «Hori ez da arraroa arauak ikasten ari diren bitartean, baina langileen artean eta zentroan eragina izan du». Gaur egun taldea «oso egonkorra» dela gaineratu zuen, eta nabarmendu zuen dagoeneko ia adingabe bakar batek ere ez duela ihes egiten.

EB-Berdeak eta Aralarreko batzarkideek kritikatu zuten diputatuaren jarrera eta Aldundiak adingabeen zaintzak egiten ari den lana. Kritikak onartu ez izana leporatu zion lehenak, eta gai horretan «erabateko aldaketa» egiteko eskatu zuen Aralarreko batzarkideak

Akordioa egiteko aukera galdua

SOS Arrazakeriaren ustez, akordio bat lortzeko aukera galdu da, Debako zentroan dauden adingabeen arretari dagokionez. Etxanizek arartekoaren txostenari eta Fiskaltzaren aholkuei atea itxi diela kritikatu du. «Legearekin bat ez egiteagatik arartekoak, Fiskaltzak eta SOSek kritikatu dugun lehen fasea erabiltzen jarraituko dutela pentsa daiteke, esan duenaren arabera», azaldu du SOSek prentsa ohar batean.

Debako zentroak, egiten diren zentro berri guztiek bezala, horiek arautzen dituzten dekretura estuki egokitu behar duela berretsi du SOS Arrazakeriak. Toki horietan baliabide egokiak jartzen ez diren bitartean adingabeak hezteko helburuan «porrot egiten» jarraituko dutela nabarmendu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)