Atzerritarren Legearen aldaketa aurrera doa, kritika artean

Bidean dagoen lege aldaketak giza eskubideak ez dituela babesten dio Amnesty Internationalek

Berria, , 30-10-2009

Erredakzioa.
Gasteiz

Atzerritarren Legea aldatzeko ekimenak beste pauso bat eman du. Espainiako Diputatuen Kongresuak Lan eta Immigrazio Batzordeak hitzartutako testua onartu zuen atzo osoko bilkuran, eta Espainiako Senatura igaro da. Han taldeek zuzenketa gehiago egiteko aukera izango dute, baina, funtsean, oinarrizko testua onartu zuten atzo. PSOEren, PNVren eta CiUren bozekin onartu da irizpena.

Legearen aldaketak kritika ugari piztu ditu hasiera-hasieratik pertsonen eskubideen alde lan egiten duten elkarteen artetik. Hala, Amnesty Internationalek (AI) nabarmendu du Espainiako Gobernuak egin nahi duen aldaketak ez dituela giza eskubideak bermatzen, eta kritikatu du Espainiako segurtasunean eta etekin ekonomikoa ateratzeko neurrietan oinarrituta dagoela.

AIren ustez, errolda atzerritarren kontrola egin ahal izateko erabiltzea kezkagarria da, errolda derrigorrezkoa baita osasun zerbitzuak edo hezkuntza jaso ahal izateko. Horrez gain, salatu du genero indarkeria jasaten duten baina egoera irregularrean dauden emakumeen egoera. «Giza eskubideen babesa ezin zaio lotu egoera administratibo bati».

Araudia gogortzen du

SOS Arrazakeriak ere gogor kritikatu du Diputatuen Kongresuak onartutako testua. Espainiako Gobernua lege aurrerakoi baten moduan «saltzen» saiatu da, baina gogorarazi du araudia gogortzen duela. Familia elkartzeko eskubidea zailtzea edo egoera irregularrean dauden atzerritarrak zentro berezietan bi hilabetez edukitzeko aukera gogor kritikatu du SOS Arrazakeriak, gogortutako beste arauen artean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)