Eraso faxistak egotzita, hiru lagun espetxeratu dituzte

Falangearen erasoak egitea leporatuta atxilotutako beste bi pertsona aske geratu dira fidantzapean

Berria, , 27-10-2009

Erredakzioa.
Iruñea

Joan den ostiralean Falangearen erasoak egitea egotzita atxiloturiko bost pertsonetatik hiru baldintzarik gabe espetxera bidali zituen atzo Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko 3. aretoko epaileak. Espetxeratu dituenak dira: Ignacio I.S., 41 urtekoa, B.P.I., 23 urtekoa, eta J.L.M., 41 urtekoa. Bestalde, behin-behinean aske geratu direnak dira: David M.E, 20 urtekoa, eta Fermin D.T., 19 urtekoa. Bi pertsona horiei 48 orduko epea ezarri die 6.000 euroko fidantza ordaintzeko, eta astelehenero epaitegira joan beharko dute.

Nafarroako Auzitegiak ohar baten bidez jakitera eman duenez, epaileak espetxeratuei leporatu die legez kanpoko gaizkile taldeko kide izatea eta mehatxuak egitea, beldurraraztea eta kalteak eragitea. Ohar horretan ez da zehazten espetxeratuei zein ekintza leporatzen zaizkien.

Iruñeko Auzitegiaren aginduz, atxiloketak iragan ostiralean egin zituen Guardia Zibilak, Sunbillan, Barañainen, Orkoienen eta Zaragozan (Espainia). Ustez urtebetean Euskal Herrian eginiko 25 baino gehiago eraso eta mehatxuren aldarrikapena egin duen Falange y Tradicion taldeko kideak dira bost atxilotuak.

Atxiloketen harira, zortzi etxe miatu zituen Guardia Zibilak, eta, berri agentzien arabera, miaketa horietan atzeman zituzten: aiztoak, gerrarako munizioa, sinbolo nazia duten objektuak, erasoak egin direneko herrietako planoak, pintaketak egiteko materiala eta debekatutako hainbat objektu. Ordenagailuetan zenbait dokumentu aurkitu zirela ere jakinarazi zuten iturri berberek. Polizia operazioaren ondorioz, Falange y Tradicion taldea desegintzat jo zuen Guardia Zibilak, baina talde berberak Espainian beste adar batzuk ote dituen ikertzen jarraitzen duela eta horrenbestez operazioa irekita dagoela ere jakinarazi zuen.

Eraso ugari

Irailaren 22an, Efe berri agentziara bidaliriko ohar baten bidez, bere gain hartu zituen Falange y Tradicion taldeak iazko urritik hona egindako eskuin muturreko 32 erasoetatik 25 inguru. Horien artean, euskal preso baten arreba Sonia Polo Bilboko txupinerari abuztuan mehatxuzko gutuna bidali izana bere gain hartu zuen taldeak. Gutun horretan bere argazkia eta bala bat helarazi zizkioten Polori.

Tolosan (Gipuzkoa), Lasa eta Zabalaren oroitarrietan agerturiko pintaketak egin izana ere onartu zuten ohar horretan. Ekintza haren bidez, Enrique Rodriguez Galindo poliziaburua «omendu» nahi zuela jakinarazi zuen Falange y Tradicionek.

Horrez gain, besteak beste, Beran eta Lesakan (Nafarroa), Irunen eta Oiartzunen (Gipuzkoa) eta Getxon (Bizkaia) egindako erasoak ere bere gain hartu zituen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)