Larrepetit
Galdutako liburutegiak
Berria, , 27-10-2009Rachel Korn poeta juduak bizitzaren zatirik handiena Kanadan igaro zuen, haren hitzetan, «itsasoan galdutako pertsona baten gisara». Ukraina uztera behartu zutenean «ondasun guztiak hondoratzen ari zen ontzi batean» uztera behartu izan balute bezala sentitu zen, ahaztera bulkatu izan balute bezala. Kornek liburutegia galdu zuen; ez erabat, ordea, ahazten ez ziren liburuak ez baitziren galtzen ahal. Horregatik, behin eta berriro «irakurtzen» zituen burutan zituen liburuak. Alaba behartzen zuen, gauero, Alexander Pushkin, Anna Akhmatova eta Osip Mandelstamen lanak errepikatzera lotara joan aurreko otoitzak balira bezala. Alabak esaten duenez, elkarri zuzenketak egiten zizkioten, eta amarendako hura zen liburutegi bakarra.
Kornen historia ezagutu nuenean bitxia iruditu zitzaidan liburuak ez galtzeko sistema hura, baina are bitxiagoa Kanadan egon zeneko denboran eskuratu zituen liburuak ez aipatu izana, seguru nagoelako liburuz beteta edukiko zuela etxea. Harendako jaioterriko liburutegia aipatzea zen merezi zuen bakarra.
Tokiz aldatzera behartzen gaituztenean bizitza berria hastea ezinezkoa dela pentsatzen dut maiz, alegia, erbesteratuen zein errefuxiatuen bizitza egiazki ez dela bizitza, bizitzaren antzeko zerbait baizik. Ez dakit ohartzen garen, gainera, zein neurritan den gurea ere tokiz mugitu gabeko erbestea, eta, beraz, bizitzaren suzedaneoa; batzuetan oso txarra eta besteetan ia alderik ez duena benetakoarekiko.
(Puede haber caducado)