'Legezko' izateko ametsa
AEBetako Kongresura eramango dute gaur legegile hispanoek Immigrazio Legearen erreformarako oinarria, eztabaidarako Obamak kanpainan agindu zien erreforma paperik gabeko hamabi milioi etorkini
Berria, , 13-10-2009Marvin Ramirez atzera eta aurrera dabil, kale kantoian, hotzetik babesteko eskuak poltsikoan sartuta. Furgonetaren bat noiz geratuko zain dago, egun baterako lana eskainiaz patroiren bat noiz agertuko zain. «Zail dago azkenaldian kontua. Lan gutxi dago, eta, paperik ez dudanez, are eta okerrago niretzat». Portlanden Voz elkarteak duen zentroaren inguruetan beste dozena pare bat jornalari daude, bere antzera. Duela hamabi urte etorri zen Marvin AEB Ameriketako Estatu Batuetara lehen aldiz, Honduras utzita. Muga ezkutuan igaro zuen. Hirutan atzeman du immigrazio poliziak, eta denetan deportatu dute jaioterrira, «baina berriz etorri naiz», dio harrokeriarik gabe. «Hemen han baino aukera gehiago dago aurrera ateratzeko». Aukera horietakoren baten zain segitzen du.
Saida Biasorok ere badaki zer den immigrazio poliziak atzematea. AEBetara heldu berritan, duela hiru urte, lan egiten zuen lantokira sartu zen Migra Immigrazio eta Muga Zaintzarako Agentzia, eta atxilotu egin zuten. «170 emakume inguru ari ginen lanean, eta denok atxilotu gintuzten. Batzuk segituan deportatu zituzten, eta beste batzuk preso eraman gintuzten». Epaiketa galdu egin du, eta, helegitea jarria duen arren, ez du esperantza handirik. «Ezin dut lanik aurkitu, Guatemalan ditudan semeei ezin diet ezer bidali… Deprimitu egiten naiz etengabe». Hala ere, jaioterriko jakiak prestatu eta catering zerbitzua emateko taldea osatu du, beste emakume batzuekin batera. Tarteka dolar batzuk lortzen dituen arren, beste etorkin familia baten babesari esker bizi da.
Saidak eta Marvinek, biek dute esperantza ondorengo hilabeteetarako agindu den Immigrazio Legearen erreforman. Euren egoera nabarmen hobetu dezakeen erreforma da, baina kanpoan geratuz gero, baita hondora ditzakeena ere.
Barack Obama presidenteak bere hauteskunde kanpainan agindu zuen Immigrazio Legearen erreforma. Aurtengo udan berretsi egin du konpromisoa, urtea amaitu aurretik lege proiektu bat kongresuan bultzatuko duela esanez. Osasun erreformaren eztabaidak, ordea, erabat geldotu du jardun parlamentarioa.
Luze iritzita daudenak asko dira, baita Alderdi Demokrataren barnean ere. Senatuan, Charles Schumer senatariak iragarria du hasiak dituela erreforma zabal baten aldeko negoziazioak. Ordezkarien Ganberan, berriz, Luis Gutierrez legegile hispanoak gaur aurkeztuko ditu Immigrazio Legearen erreformarako oinarriak, beste hainbat ordezkariren babesarekin. Lege proiektu zehatza ondorengo asteetarako agindu du talde horrek, Kongresuak berehala ekin diezaion immigrazio erreformaren eztabaidari. Erreformaren beharra aldarrikatzeko, elkarretaratze eta protestak deitu dituzte gaurko etorkinen aldeko taldeek, bai Washingtonen, bai Los Angelesen eta bai herrialdeko beste hainbat hiritan.
Ronald Reaganen amnistia
Legea berritzearekin askok espero dute erregularizatze masiboa, euren egoera legeztatu ahal izateko. Era honetako azkena, aspaldi, 1986an izan zen, Ronald Reagan presidente zen garaian. David Reyesek gogoan du paperik gabeko hiru milioi etorkini, tartean berari, «amnistia» eman zietela orduan. «Ordutik askoz ere lasaiago bizi naiz, seguruago, immigrazio poliziak ez nau molestatzen eta lana bilatzerakoan kezka gutxiago dut». Nekazaritzan, jatetxeetan, eraikuntzan… denetik egin du jatorri mexikarreko gizaseme honek. Orain lanik gabe dago, eta bera ere kale kantoian dabil, patroiren bat langile bila noiz etorriko zain.
Reaganen erreforma gauzatu zenean baino dezente gehiago dira gaur egun paperik gabeko etorkinak herrialdean, hamabi milioi inguru. PEW ikerketa zentroaren arabera, horietatik %80 Latinoamerikatik etorritakoak dira, batez ere Mexikotik. Jatorri asiarrekoak, berriz, %11 pasatxo dira, eta oso proportzio txikia Europatik, Kanadatik eta Afrikatik etorritakoak.
Gutierrez legegilearen proposamenak ikasleen eta nekazaritza arloko langileen egoera erregularizatzeko oinarriak bilduko ditu. Gainerako langileak ere hartuko omen dituzte kontuan, baina ez dute zehaztu zein baldintza eskatuko dituzten horretarako.
Kapitoliora eztabaida heldu atarian, ekarpena egin du Brookings Institute think tank eraginkorrak. Bere burua independentetzat duen arren, demokraten aldeko jotzen den institutu horrek argitara eman berri du legalizazio prozesu zabal baten aldeko txostena. Paperik gabekoak deportatzea, giza hondamendia izateaz gain, galera ekonomiko eta diplomatikoa litzatekeela dio hogei adituk egindako txostenak. Euren gomendioa da legeztatzea 5 urte AEBetan daramatzatenak, lan egonkorra dutenak eta aurrekari penalik ez dutenak. Institutu horrek uste du hamar paperik gabeko etorkinetik zazpik baldintza horiek betetzen dituztela.
Romeo Sosa Voz jornalarien elkarteko buruzagia ez dator irizpide horiekin bat. «Etorkin asko dago lan egiteko gogoa bai baina lanpostu finkorik ez duena. Egoerak berak eragozten die hori lortzea. Aldizkako langileek ere aukera izan behar dute egoera erregularizatzeko. Ezin dira eztabaidatik kanpo utzi».
Jazarpena eta tratu ez duina
Mireya Gutierrezek gogoan du nola gerturatzen zen immigrazio polizia, Kalifornian fruta biltzen ari zela. «Askotan etortzen zen Migra, laranjak eta mahatsak biltzen ari ginela. Korrika hasten ginen denok». Ez dute inoiz harrapatu, eta badira 10 urte Mexiko utzi zuela.
Legea aldatzearekin, etorkinen eskubideen alde ari direnek nahi lukete sarekada horiek amaitzea, baina orain arte behintzat ez dago horrelako zantzurik. «Obamaren agintaldian sarekadak amaitu egingo zirela uste genuen, baino ez da horrela, etengabeak dira» dio Romeo Sosak. Immigrazio poliziaren ohiko jokabidea da etorkinak bizi diren etxeetara pertsona bakarraren bila joatea, eta, hura atxilotzeaz gain, gainerako denak ere atxilo hartzea. Gero eta toki gehiagotan, gainera, hiriko polizien eta immigrazio poliziaren arteko elkarlana areagotzen ari dela igarri dute etorkinek, «semaforo bat gorrian pasatu eta immigrazio poliziaren esku amaitzea ohiko bihurtzen ari da».
Behin atxilotutakoan, etorkinak barneratzeko zentroetako baldintzak ere sarritan salatu dituzte giza eskubideen aldeko elkarte askok. Erreformak horien inguruan erabakiren bat hartu beharko du. Oraingoz, Immigrazio eta Muga Zaintzarako Agentziak iragarri du udazkenean kongresura eramango duen plan bat, deliturik ez duten etorkinak espetxeetan izan ordez, hoteletan eta zahar etxeetan atxikitzeko.
Orain paperik ez duten etorkin guztien egoera araututa ere, mugen kudeaketa aldatu ezean berriz ere segituan lirateke paperik gabeko ugari. Urtean 500.000 pertsona sartzen dira baimenik gabe AEBetara. Meredith Wood Smith Alderdi Demokrataren Oregongo presidentea orain ematen diren baino bisatu gehiago ematearen aldeko da. «Orain paperik gabe hemen dauden etorkin guztiak ez lirateke hemen egongo euren lanaren beharrik ez balego. Gutxi edo gehiago, denek egiten dute lanen bat».
Egun Kongresuak ezartzen du ematen diren bisatu eta erresidentzia baimenen kupoa. Baina askok salatzen dute errealitatearen berri izan gabe jarduten duela. Immigrazio batzorde independente bat sortzea eskatu dute erreformaren aldeko talde ugarik, baita Brookings institutuak berak ere, eta hark erabaki dezala zenbat baimen eman.
Romeo Sosaren ustez, «nahiz eta bidean harresiak jarri, jendeak ez dio etortzeari utziko». «Erreforma horrek ekarri behar du etorkizuneko etorkinak eskubide eta betebehar erabatekoekin sartzea. Bisatu gehiago ematen badira jendeak bide hori hartuko du. Baina aukera hori ematen ez bada, beste bide batzuk topatuko dituzte, nahiz eta bidean heriotza aurkitu».
Erreformaren kontra daudenak isilarazi nahian, Wood Smithen galdera zuzena da: «Nor gara bada gu? Edozer, natibo amerikarrak izan ezik».
(Puede haber caducado)