Gerrikoa estutzeko unea

Krisiari aurre egiteko neurri gogorrak proposatu ditu David Cameronek Erresuma Batuko kontserbadoreen kongresuan Zorra murrizten ez badute, hamarkadetan nozituko dutela dio 'tory'-en buruak

Berria, , 09-10-2009

Winston Churchillek «odola, izerdia eta malkoak» botatzea tokatzen zitzaiela ohartarazi zien Erresuma Batuko boto-emaileei, Bigarren Mundu Gerra osteko hauteskundeetara aurkeztu zenean. Beste kontserbadore batek, David Cameronek, ordea, gailurretiko ikuspegi ederra eskaini die. «Aldapa gogorra daukagu igotzeko, baina tontorretik ikus daitekeenak mereziko du».

Egoera ekonomiko zailari egin zion erreferentzia Cameronek Alderdi Kontserbadorearen kongresuari amaiera eman zion hitzaldian. «Aurre egin beharreko arazoak larriak eta presakoak dira. Ekonomia berreraiki behar dugu, bestela gure seme-alabek zorra oinordetuko dute», adierazi zuen, urduri, Aldaketarako prest zioen kartelaren aurrean jesarrita. Eta zehaztu zuen: «zorrak, gainera, hamarkadak iraungo ditu».

Eta egun Erresuma Batuak duen defizit publikoa ikusita, oso oker ez dabilela pentsa liteke. Izan ere, NDF Nazioarteko Diru Funtsak kalkulatu duenaren arabera, datorren urterako zor publikoa BPG Barne Produktu Gordinaren %13 izango da; 200.000 milioi euro inguru.

Ordu eta erdiko hitzaldian agintean daudenak zailtasun guztien erantzule egiteko ere baliatu zuen Cameronek: «Nork egin ditu pobreak pobreago? Nork eragin du gazteen langabezia tasaren igoera? Nork egin ditu gizarte zatiketak nabarmenago?». Berak erantzuteko galdera egin zuen: «Torie gaiztoek ez. Laboristak, zuek zarete gure gizarteari hori guztia egin diozuenak».

Datorren urteko bozak irabaziz gero, egoerari buelta emateko kontserbadoreek neurri gogorrak hartuko dituztela ohartarazi zuen. «Irabazten badugu, gogorra izango da. Mozketak egongo dira, eta mingarria izango da askorentzat. Baina arduragabekeriaren kultura amaitu behar dugu». Ordainetan, «konpromisoa hartzen dutenak» sarituko dituztela adierazi zuen. Lehen ministro izendatzen badute hori guztia nola egingo duen, baina, ez zuen azaldu. Aurtengo inkesta guztiek iragarri dutena betetzen bada, halaxe izango da. Asteartean argitaratu zuten azkena: Alderdi Laboristako hautagai Gordon Browni hamalau puntuko aldea ateratzen dio Cameronek.

Datorren urteko Gobernua kontserbadorea balitz, abiaraz litzaketen politikak Cameronen alderdikideek aurkeztu dituzte, aste osoan.

1. Soldatak izoztea.

Bozak irabaziz gero Altxorraren ministroa izango litzatekeenak, George Osbornek, gehien irabazten duten funtzionarioei 2011tik hasita soldata izoztea proposatu du. Lau milioi funtzionariok urtean 19.500 euro baino gehiago kobratzen dute. Era berean, goi funtzionarioen pentsioei ere muga jarri nahi die: gehienez, 54.000 euro. Eta Gobernuko burokraziak eragiten dituen gastuak murrizteko prest agertu da: urtean 3.250 milioi euro gutxiago gasta dezaketela ziurtatu du. Horrekin guztiarekin eta gisa horretako beste zenbait neurrirekin, urtean 7.500 milioi euro aurreztea espero dute torie-k.

2. Erretiroa atzeratzea.

Erretiroa ere atzeratu nahi dute torie-k. Egun 65 urte da Erresuma Batuan erretiratzeko adina, eta 66 urte izan dadila nahi dute. Neurria 2016tik aurrera jarriko lukete martxan gizonentzat, eta 2020tik aurrera emakumeentzat. Era berean, egun pentsiodunak direnak lan mundura itzul daitezen enpresekin hainbat akordio hitzartuko dituztela ziurtatu dute.

3. Militarrak irakasle.

Bozak irabaziz gero, emaitzarik kaxkarreneko eskola publikoak identifikatu, eta haiek pribatizatzeko aukera eskainiko dutela diote. Era berean, unibertsitatean emaitzarik onenak izan zituztenak irakasle izan daitezela proposatu dute. Baita armadako hainbat kide ere. «Tropak Irakasle programa abiatu nahi dugu, armadako zenbait kidek ongi jakingo baitute ikasle gazteak nola entrenatu; diziplina ez ezik, lider izaten ere irakatsiko diete», esan du aste honetan Michael Govek. Bera izango da Hezkuntza ministro kontserbadoreek bozak irabazten badituzte.

4. Defentsa, merkeago

Defentsa Ministerioaren aurrekontua %25 murriztea proposatu dute, tropak gutxitu gabe. Defentsako funtzionarioak gutxituta lortu nahi dute hori. «Frederic Yorkeko dukeak Napoleoni aurre egiteko soldadu gehiago errekrutatu zituen: 50.000 izatetik 500.000 izatera igaro ziren; baina 38 zaldizain baino ez zituen», esanez ilustratu du gaia Liam Foxek. Balizko gobernu kontserbadorean bera izango litzateke Defentsa ministro.

5. Etorkinik ‘onenak’

Hezkuntza maila gorena eta lan esperientzia handien duten etorkinak erakarri nahi dituzte torie-k. Hala, etorkin kualifikatuenentzat gutxiago prestatutakoentzat baino kuota handiagoa izatea proposatzen dute. Horrek gizarte tentsioak murriztuko dituela uste dute.

‘Tory’-en II. Mundu Gerra osteko ibilbidea

1945. Bigarren Mundu Gerra osteko lehen bozetan Clement Atlee laboristak irabazi zion Winston Churchill kontserbadoreari.

1950. Atlee berriz aukeratu zuten lehen ministro, baina laboristak ahulduta zeuden.

1951. Hauteskundeetara hirugarrenez aurkeztean eskuratu zuen garaipena Churchillek.

1955. Churchillek Anthony Edeni pasatu zion lekukoa, eta bigarrenez jarraian kontserbadoreek irabazi zituzten bozak.

1959. Gerraostea gaindituta, gero eta aberatsagoa zen Erresuma Batua. Harold Mcmillan kontserbadorea gailendu zen.

1964. Tory-en eskandaluak zirela eta, lehen ministro laborista hautatu zuten: Harold Wilson.

1966. Wilson gailendu zen berriz ere, eta Alderdi Laboristak gehiengo osoa lortu zuen.

1970. Inkestek iragartzen zutenaren kontra, Edward Heath kontserbadoreak irabazi zituen bozak. Parte hartzea txikia izan zen oso.

1974ko otsaila. Garaia baino lehen deitu zituen hauteskundeak Heathek, eta tory-en kontrakoa izan zen emaitza: laboristek baino boto gehiago eskuratu zituzten, baina diputatu gutxiago. Tory-ek ez zuten beste alderdien babesik lortu, eta Wilson laborista itzuli zen agintera.

1974ko urria. Urteko bigarren hauteskunde orokorrak Wilsonek irabazi zituen.

1979. Betiko boto-emaileek garesti kobratu zizkieten laboristei ekonomiaren kudeaketa txarra eta sindikatuak kontrolatzea. Margaret Thatcher kontserbadorea aukeratu zuten lehen ministro; kargu horretarako lehen emakumea.

1983. Inflazioa murrizteko hartutako erabakiek langabezia areagotu bazuten ere, Thatcherrek postuari eutsi zion. Oposizioa zatituta zegoen.

1987. Hirugarren agintaldiari ekin zion Thatcherrek.

1992. Ekonomia motelaldian zen. Baina aditu eta kazetariek aurreikusitakoaren kontra, Thatcherren ondorengoak, John Mayor kontserbadoreak irabazi zituen hauteskundeak.

1997. Alderdi Laboristaren basamortuko ibilaldiaren amaiera. Tony Blairrek sustatutako hirugarren bideak irabazi zituen hauteskundeak. 1935etik eskuratu zituzten emaitzetatik onena lortu zuen Blairrek.

2002. Karguari eutsi zion Blairrek.

2007. Hirugarrenez irabazi zituen bozak Blairrek.

2007ko ekaina. Blairrek kargua utzi, eta Gordon Brown izendatu zuten lehen ministro.

David Cameronek Alderdi Kontserbadorea berritu egin duela diote adituek, eta halaxe saldu du politikariak berak ere: espektro politikoaren erdian daude. Kontraesanek zalantzan jartzen dute.

‘Tory’-en hirugarren bidea

L. Ventas.

The Spectator aldizkaria, martxoaren 21eko alea. Azalean, bi argazkiren muntaketa: Alberto Kordak Ernesto Guevara Che-ri 1960ko martxoaren 5ean atera zion erretratuaren gainean, David Cameronen aurpegia. Gerrillari buruaren ile kizkurra eta txapel izar gorriduna ditu Erresuma Batuko kontserbadoreen liderrak. Lehenaren begirada gogorra falta zaio, baina. Zuri-beltzeko orrialdearen gainean, letra gorriak: «Cameron iraultzaile bat al da?».

Aldizkariaren ale hori Londresko kioskoetan zen aste berean, hitzaldiak eman eta eman jardun zuen tory-en buruak. Haietako bat Chimney Meadows natur erreserban izan zen, West Oxfordshiren (hego-ekialdea). «Ekonomia krisian den garaian, ezin omen dugu ingurumena zaindu; hala dio zenbaitek», esanez ekin zion saioari. «Nik, ordea, kontrakoa uste dut. Askorentzat oso arraroa bada ere, Alderdi Kontserbadorea ingurumena zaintzearen aldekoa da». Lehen ministroa izan zen garaian, Margaret Thatcherrek ez zuen sekula halakorik esan. Hala, zur eta lur geratu ziren Cameron ikustera bildutakoak; edo ez hainbeste. Izan ere, ez zen hark gisa horretako proposamen berritzaileak aurkezten zituen lehen aldia.

Politikagintzako lehen lerroan tartea egin bezain laster aurkeztu zuen Cameronek errezeta propioa. Alderdi Kontserbadorearen 2005eko konferentzian izan zen, Blackpoolen; orduan aitortu zioten lidergoa. Alderdi Kontserbadorea irudikatu izan duen zuzi urdina zuhaixka berde batekin ordezkatu zuen Cameronek, logotipo gisa; ordura arte aberatsenen alderdia izan zena ingurumenera eta gizarte gaietara hurbildu nahi izan zuen. Itxura aldatu, Tony Blairrek Alderdi Laboristarekin egin zuen bezala.

Marketin estrategia

Itxurarena behin baino gehiagotan errepikatu duen kontua da. Herritarrei ematen zaien irudia, proposamen zehatzen gainetik. «Izaera, erakusten den Izaera, ideia politikoak baino garrantzitsuagoa da sarritan», esan zion Ginny Dougary kazetariari, hura The Sunday Times-erako artikulu bat idazten ari zenean. Eta hona hemen sineste sendo horren erakusgarri ezin garbiagoa: Alderdi Kontserbadorearen komunikazio lanak egiteko Andy Coulson aukeratu du Cameronek. News of the World egunkari sentsazionalistako zuzendaria izan zen Coulson. Kargua utzi behar izan zuen, hedabideko kazetari batek erregeren familiaren telefonoak hartuak zituela argitara atera zenean.

Kontserbadoreen liderrarekiko kritiko direnen ustez, Coulsonek Cameronen ideiak kultur maila baxuena duten herritarrek ulertzeko moduan itzultzen ditu: gizarte arduraz hitz egitea baino, hankaz gora dagoen gizarteaz aritzea proposatzen dio, esaterako. Hori hala, kontserbadurismo berria-ren kontua, ustez Cameronek eta beste lau alderdikidek sustatu duten joera, Marketin estrategia hutsa dela dio hainbatek. Makillajea aldatu arren, Blairren agintaldian jende desatseginaren alderdia esaten ziotenak bere horretan dirauela uste dute: pribilegio gehien dituzten herritarren aldeko politika egiten, betiko proposamen kontserbadore eta muturrekoekin.

Badituzte tesi horren aldeko argudioak. Cameron beraren kontraesan bat oinarri hartuta, esaterako. Alderdi Kontserbadorearen 2006ko kongresuan guraso bakarreko familiak defendatu zituen. Eskola zaharreko kontserbadoretik tory modernorako pausoa erakutsi zuen horrekin. Eta areago, beste honekin: «Horretaz gain, bikotea emakume batek eta gizon batek osa dezakete, baina baita bi emakumek edo bi gizonek ere». Aurten, ordea, familia tradizionala diruz laguntzea proposatu du: asteko 20 libra. Eta hala azaldu du: «Familia guztiei lagundu behar zaie, noski; baita guraso bakarrei. Baina azken finean haurrentzat onuragarria da aita bat eta ama bat etxe berean izatea. Beraz, gomendagarria da zergak eta laguntzak, elkarrekin bizitzeko konpromisoa hartu duten bikoteei bideratzea». The Guardian-i emandako elkarrizketa bateko pasartea da.

Hala ere, muturreko kontserbadurismotik aldendu duten beste hainbat adierazpen ere egin ditu Cameronek. Tory-ak espektro politikoaren erdialdean kokatu nahi izan ditu. «XX. mendearen bigarren zatiko politikagintza ezkerraren eta eskuinaren arteko aurrez aurrekoan oinarritzen zen, baina XXI. mendeko eztabaida nagusia bizi-kalitatearen ingurukoa da». Ideologia bainoago, pragmatismoa hobetsi du, hala. «Erdiko alderdia gara»; neurri horretan, Blairri maileguz hartu dizkio ideiak. Hark sustaturiko laborismoari, izan ere, «hirugarren bidea» deitu zion.

Bestalde, egun agintean dauden laboristak baina liberalagoa da Cameron bera barne segurtasunari dagokionez. Ustezko terroristak kargurik gabe 42 egunez atxilotuta edukitzea baimentzen duen legea indargabetu nahi duela adierazi izan du Cameronek. Blairren ondorengoak, Gordon Brown lehen ministroak, sustatutako ekimen bat ere arbuiatu du: nortasun agirietan datu biometrikoak jasotzearena. Kontserbadoreak itxuraldatu ditu, beraz, Cameronek. Baina tory klasikoenen ohiturak ditu oraindik ere: azeri ehiztaria izandakoa da, adibidez. Eta kosta egiten da Che Guevara azeria ehizatzen imajinatzea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)