Arraza berekoak ziren
Berria, , 06-10-2009Atzo izan zen Zumaian Zakila bira izeneko herri lasterketaren XIII. Edizioa. Eguraldi zoragarria begira egoteko, berotxo agian lasterka aritzeko. Hirugarren helmugaratu zena garaiera eta planta bikaineko mutiko beltz bat zen, Zoninat Moulouden. «Aurten ez da hain ongi ibili hau, iaz berak irabazi zuen» entzun nion ondoko bati. Geroxeago bozgorailuen bitartez jakinarazi ziguten arazoak izan zituela, doi-doi heldu zela irteerara. Arazoa ez zen izan bazkalondoko siestatik berandu jaiki izana, trenean zihoala jasan zuen erasoa baizik. Nigarrez eta dardarka iritsi zen irteerara, gazte talde batek egurtu egin zuela esanez. Erasotua beltza izanik, ekintza arrazista izango zela uste izan nuen hasieran, eta gaur egun halakoak gertatzeak eragiten duen lotsaz eta kezkaz solasean aritu ginen. Antola-tzaileengana jo nuen, argibide gehiagoren bila. Ez zen eraso arrazista izan, «neure arrazakoek egurtu naute» esan omen zien. Entzun nahi ez nuena izan zen hurrengo argibidea: «Endoiako etxean egoten diren gazte marokoarrak izan dira erasotzaileak». Korrikarako betaurreko beltz dotore samarrak zeramatzan, antza, Zoninatek. Trenean zihoazen marokoar gazteei gustatu, nonbait. Gehiago ziren, ez zuten ezeren beldur izateko motiborik. Zoninat ez da edozeinek egurtzeko moduko kakanarrua, eta bere burua babesteko ahaleginak egin zituen, baina epelak hartuta jaitsi zen trenetik. Nigarrez, dardarka eta betaurrekorik gabe.
Lasterketa amaitzean salaketa jartzekotan zen, ez dakit egin ote zuen. Gaiztaginak identifikatu arren, badakigu ez zaiela ezer gertatuko. Hurrengoan beste norbaiten betaurrekoak, nire belarritakoa edo lerro hauek irakurtzen ari denen baten erlojua gustatuko zaie, eta ezerk ez die eragotziko elkar hartu eta eraso egitea. Askotan idatzi izan dut hirugarren munduko herritarrei gurean lekua egitearen aldeko naizela. Atzoko gertaerak, eta egunero jazotzen diren beste askok, gero eta ataka estuagoan jartzen du arrazoibide hori. Arazo handi bat dugu esku artean, izua eragiten duen arazoa.
(Puede haber caducado)