Arabako Etorkin eta Errefuxiatuen Koordinakundeak (KIRA) bere burua aurkeztu du, Gasteizko eragile askoren aurrean, eta elkarlanaren alde egin dute etorkizunari aurre egiteko.

Erronkak, partekatuta hobe

Berria, , 02-10-2009

Jon Rejado.
Gasteiz

Sektore ahulenei begira daude gaur egungo politikak, eta erronka bat da kalera ateratzea une honetan». Hitz horiekin laburbildu du Mario Humberto Calixtok, Bachue Kolonbiako errefuxiatuen elkarteko kideak. Testuinguru horretan Arabako etorkinen eta errefuxiatuen elkarte batzuk aurrerapauso bat emango dute, elkarrekin, ahots bakarrarekin. Hala, KIRA Arabako Etorkin eta Errefuxiatuen Koordinakundean bat egin dute hainbat elkartek, etorkizunean hel daitezkeen erronkei aurre egiteko.

Dozenaka lagun bildu ziren atzo Goiuri jauregian, Gasteizen, aurkeztekoa zen koordinakundeari babesa emateko. Horien artean sindikatuetako ordezkariak, Arabako Foru Aldundikoak eta bestelako pertsona ezagunak zeuden, Jose Angel Cuerda alkate ohia kasu. Egoerak merezi zuen. Ia hiru urteko lanen ostean zortzi elkartek bat egin dute KIRAren barruan. Arabako beste elkarteei ateak ireki dizkiete hasieratik bertatik, eta atzoko aurkezpenean bertan, beste bi elkartek erakutsi zuten koordinakundera batzeko asmoa.

Helburu argiekin jaio da KIRA, Mireya Perea presidenteak azaldu duenez. «Eragile gisa dugun tokia eskuratu behar dugu, konponbideak bilatzerakoan solaskide moduan aintzat har gaitzaten». Hori lortzeko, elkarlanaren alde egiten dute, norberaren kultura eta izaera errespetatuta, dituzten helburu komunak indartu ahal izateko. «Elkar laguntzea dugu helburu, eta herritarrek parte hartzeko guneak kudeatzeko asmoa». Hori dela eta, elkarte guztiei bat egiteko deia egin zien: «Zenbat eta lore gehiago, orduan eta politagoa izango da lorategia».

Goiuri jauregian egindako ekitaldia Mireya Pereak esandakoaren erakusgarri izan zen. KIRA osatzen duten elkarteetako ordezkariek zertzelada bana eman zuten, elkarte bakoitzaren izaera laburbilduz eta koordinakunde berriaren marrazkia eginez. Gaztelera, arabiera, guaraniera, euskara… hizkuntza asko entzun ziren atzoko aurkezpenean. Lerro gutxi batzuk irakurri zituzten batzuek, olerkiak irakurri, abestu… Baina denek funtsezko ideia batzuen berri eman zuten: nortasuna mantentzeko asmoa, seme-alabei transmititu ahal izateko; hartu dituen gizartearekin bizitzeko borondatea; eta elkarbizitza horren alde lan egiteko gogoa, besteak beste.

Hainbat esparrutara jo

Helburu horiek lortzeko, etorkin zein errefuxiatuen eskubideak bermatzeko tresnak sortuko ditu KIRAk, eta instituzioekin lan egingo dute eskubide osoak izan ditzaten, baita beharrak ere. Horrez gain, koordinakundeak berebiziko garrantzia aitortu dio haur, gazte eta emakumeekin egin beharreko lanari. Genero indarkeriaren kontrako neurriak hartzeko asmoa azaldu zuen aurkezpenean, baita gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak bukatzekoa ere.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)