Zugaztietako ijito familia beldur dela salatu dute Legebiltzarrean

Zugaztietako auzokideen mehatxuak ez direla eten eta familia handik joan litekeela azaldu du Ijitoen Kontseiluak

Berria, , 25-09-2009

Iñaki Larrañaga.
Gasteiz

«Nahiago dute txabola batean bizi Zugaztietako etxebizitzan baino». Doinu gogorrean aritu da ijito herriaren egoera hobetzeko kontseiluko kide Vicente Gil, Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, eta aho bete hortz utzi ditu legebiltzarkideak. Izan ere, Gilek eta Kontseiluko beste bi kidek azaldu dute ekainetik Trapagarango Zugaztietako auzoan (Bizkaia) bizi den ijito familiaren egoera «jasangaitza» dela.

Gil familiaren hurbileko laguna da, berak eramaten ditu eskolara familiaren seme-alabak autoz gurasoek ez dute gidabaimenik, eta behar dutenean laguntza ematen die. Hortaz, hurbiletik azaldu ditu familiaren bizipenak. Gilek esan duenez, «hedabideetan albisterik ez bada ere, egoera ez da hobetu». Kartel iraingarriak, bizilagunen espioitza lanak, haurren bazterketa eta etxebizitzan erasoak jasaten jarraitzen dutela salatu du Gilek.

Gainera, gurasoei irakurtzen eta idazten erakusten laguntzen dien SOS Arrazakeriako kideak, familiaren lagunek eta Gil berak jarraipenak eta irainak jasan dituztela salatu du. Dena den, nabarmendu du auzokide askok Bizilagunen Elkartearen «baztertze irizpidea» apurtu eta nolabaiteko laguntza ematen ari direla. Besteak, ordea, familia gatazkatsua dela esaten tematu dira, eta familia auzotik botatzeko mobilizazioak egiten jarraitu dute azken hilabeteetan.

Egoerak hobera egiten ez duela ikusita, familiak «zer edo zer larria gertatzeko beldurra» du. Horregatik, auzotik alde egitea pentsatzen ari dela jakinarazi du Gilek. «Etxe paregabea dute Zugaztietan. Han bizi dira, baina ezin dute elkarbizitzarik egin. Horretarako, nahiago dute beste nonbaitera alde egin».

Familia Zugaztietara heldu baino lehen bizilagunen irainak eta kexak hasi zirela azaldu du Gilek. Bizilagunen Elkarteak Trapagarango Udalari bidali zion oharrean idatzi zuen: «Ijitoak nahi dituenak eraman ditzala etxera». Udaleko politikariek ezer ez zutela esan salatu du Gilek. «Edozer esan eta egin daiteke ijitoen aurka, eta, gainera, zigorgabetasun osoa dute». Hala ere, zazpi bizilagun auzibidean dira erasoak eta mehatxuak egotzita.

Aralarreko legebiltzarkide Dani Maeztuk eskatu zuen Ijitoen Kontseiluko kideak Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean agertzea. Maezturen ustez, «porrot politikoa litzateke familiak alde egitea». Hala ere, onartu du bizi duten egoera kontuan izanda ulergarria litzatekeela erabakia. EAJko Iñigo Iturratek, berriz, «jazarpenaren atzean dagoen arrazismoa» salatu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)