Calaisko egoera konpontzeko eskatu die EBk Frantziari eta Erresuma Batuari

Indarrez desegindako kanpalekuan zeuden etorkinetako askoren helburua Ingalaterrara joatea zen

Berria, , 24-09-2009

Erredakzioa.

Calaisko etorkinen egoera konpontzeko, elkarlanerako deia egin zien atzo Europako Batzordeak Frantziari eta Erresuma Batuari. Herenegun, Parisko gobernuak Calais hiriko etorkinen kanpalekua desegin, eta han zeuden ehunka lagunak indarrez kanporatu zituen.

Europako Batzordeko Justizia bozeramaile Michele Cerconeren arabera, Calaisen bizi ziren etorkinen kanpaleku eta txabolen arazoari konponbidea aurkitzeko, beharrezkoa da bi herrialde horiek elkar ulertzea eta elkarrekin lan egitea. «Ez da soilik Frantziaren arazoa». Izan ere, jungle kanpalekuko etorkinek ez zuten bertan geratzeko baimena eskatu, euren asmoa Erresuma Batura joatea baitzen.

Europako Batzordeko bozeramailearen iritziz, Nicolas Sarkozy presidentearen gobernua da egokiena Frantzian paperik gabe dauden etorkinen auzia konpontzeko. Era berean, nabarmendu du auzia osorik aztertzeko beharra, eta gogora ekarri ditu EBk paperik gabeko immigrazioaren aurkako borrokan hartu dituen neurriak. Besteak beste, harremanak erraztea etorkinak lehen aldiz hartzen dituzten estatuen eta horiei asiloa emango dietenen artean.

Frantziaren oldarraldia

Frantziako Poliziak herenegun indarrez kanporatu zituen etorkinak Calaisko kanpalekutik. 700 bat lagun ziren denera. Borrokak ere izan ziren segurtasun indarren eta etorkinen artean, eta Poliziak 279 lagun atxilotu zituen, horietatik 132, adingabeak. Giza eskubideen aldeko erakundeek gogor gaitzetsi dute Sarkozyren neurria. Erabakiaren atzean «aurreiritzi arrazistak» daudela salatu dute.

Kanpalekuko etorkin gehienak Afganistandik ihes egindakoak ziren, eta muturreko egoeran bizi ziren Calais hiriko portutik gertu. Frantziako Poliziaren iturriek argudiatu dute hiri horretako bizilagunek segurtasun falta salatu zutela azken hilabeteetan, eta horregatik hartu zutela immigranteak kanporatzeko erabakia.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)