Ekonomia krisiak migrazioak murriztea eragin du eta aurten lehen aldiz gutxiago dira Europara bidean itotako etorkinak; hala ere, gero eta oztopo gehiago jartzen dizkiete herrialde garatuenek
Giltzarrapoak etorkinentzat
Berria, , 23-09-2009Leire Ventas.
Espainiako futbol talderen batean jokatzea zuen amets Romeok; Bartzelonan, aukeran. Posible izango zuelakoan zen, gainera. Izan ere, lehen mailako jokalaria zen jaioterrian; erdiko defentsa. Hala, gertuko sonak emandako konfiantzaz ekin zion odiseari. Hiru urte igaro dira ordutik, eta bidean da oraindik.
Kamerunetik Nigeriara egin zuen lehenbizi. Eta handik Beninera gero. Xoxak ahituak zituen, baina, ordurako. Eta patrikak betetzeko ongien zekienari ekin zion: zazpi hilabete egin zituen futbolari gisa, Bohicon hiriko Tonnerre taldean. Niger igarotzeko nahikoa diru bildu zuen, baina ez Aljeriara heltzeko adina. Hori hala, futbolean aritu behar izan zuen berriz. Agadezko Arranoek Nigerreko lehen dibisioan jokatzen zutenez, gaitzerdi iruditu zitzaion. Soldata hobeagoa zen, gainera, eta lau hilabeteren buruan bazuen auzoko herrialderaino bidea egiteko beharrezko diru kopurua. Aljeriako hegoaldeko Tammanrasset hirira heldu zenean, ordea, atxilotu egin zuen Poliziak. Saharako basamortuan abandonatu zuten. Egun Malin da, Bamakon. Bertako talderen batek fitxatu zain dago, berriz ere patrikak bete, Aljeriara itzuli eta handik itsasoa zeharkatu ahal izateko.
Geratzen direnak
Romeo bidean da. Baina beste milaka bidean geratu dira. Azkenak, larunbatean: Marokotik abiatutako ontzi bat Perejil irlaren parean hondoratu zen; 40 lagun zeramatzan, eta hamaika baino ez dituzte salbatu. Zehazki, 1988tik 13.352 lagun ito dira Europara heldu aurretik. Gainera, zaintza areagotu denez, etorkinek jarraitu beharreko bideak gero eta arriskutsuagoak dira. Lehen Marokotik abiatzen baziren, etorkin afrikarrak Somaliara zuzentzen dira orain, eta handik Yemenera, Adengo Golkoa gurutzatzeko.
Hala ere, migrazioen inguruko estatistiken azken boladako joera beherakoa da. Aurtengo lehen seihilekoan 459 izan dira Europara heldu nahian hildakoak; iaz epe berean 985 izan ziren. Krisi ekonomikoak herrialdeen arteko joan-etorriko fluxuak murriztea eragin du, izan ere. Hala ondorioztatu du OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak.
Erakundearen arabera, herrialde garatuetako langabeziak du horretan zerikusia: Erresuma Batuan, Espainian eta Irlandan, esaterako, immigranteen langabezi tasa bertakoen bikoitza da. Eta haiek lan bila joan ohi dira jaioterria baino aberatsagoak diren herrialdeetara.
Dena den, immigrazioaren jomuga diren herrialdeetako Gobernuak ez dira lasaitu. Eta paperik gabekoei atea ixteaz gain, hari giltzarrapo bikoitza jartzeko prest dira. Horren erakusle da Frantziak Europako Batzordeari proposatutakoa. Eric Besson Immigrazio ministro frantsesak eskutitz bat bidali zuen erakundera, kideei «ekintza plan» bat azaltzeko. Frontex indartu nahi du Bessonek, eta haren eskumenak areagotu, Mediterraneo osoa begiradapean izateko. EB Europako Batasunaren kanpoko mugak zaintzea du helburu Frontex agentziak. EBko Legebiltzarreko bi talde nagusiek babestu dute jada ekimena: Europako Alderdi Popularrak, eta Sozialisten eta Demokraten Aliantzak. AI Amnesty Internationalek gogor kritikatu du ekimena. «Frantzia fronte guztietan ari da borrokan, etorkinak arbuiatzeko». Izan ere, badaude aurretikako neurriak ere; immigranteak kanporatzeko itzulera direktiba – lotsaren zuzentaraua, kritikoenentzat-.
Artean, Italiak metodo propioak ditu. Itsasoan aurkitzen dituen ontziak nazioarteko uretaraino eramaten ditu, eta han, Libiako armadaren esku geratzen dira.Tripolirekin sinaturiko itun batek ahalbidetzen dio hori. Hori gehiegikeriatzat jo du HRW Human Rights Watchek.
(Puede haber caducado)