Frantziako Poliziak indarrez desegin du Calaisko etorkinen kanpalekua
'Jungle' izeneko kanpalekura 600 polizia bidali eta paperik gabeko 278 lagun atxilotu ditu Frantziak, horietatik 132 adingabekoak Datozen egunotan kanpaleku gehiago bertan behera utziko dituela dio Gobernuak
Berria, , 23-09-2009Calaisko portutik gertu paperik gabeko immigranteek urtez urte, bat-batean, eraikitako kanpalekua desegin zuen atzo Frantziako Poliziak. Jungle izena zuen herrialdearen ipar-mendebaldean zutitutako kanpalekua. Han biltzen ziren paperik gabeko etorkina Mantxako Itsasertza gurutzatzeko asmoz, Erresuma Batua baitzuten helmuga eta portuan sartzen ziren kamioetan ezkutatzea helburua. Operazioan 278 lagun atxilotu zituzten, horietatik 132 adingabekoak.
Eric Besson Frantziako Immigrazio ministroak duela astebete iragarri zuen kanpalekua itxiko zuela. Bertan zeuden ehunka etorkinei egotzi zien ministroak zonaldean delinkuentziak gora egin izanaren erantzukizuna. Frantziak ezin zuela haietaz baliatzen ziren trafikatzaileak onartu argudiatu zuen Eric Bessonek. «Hurrengo egunetan» beste kanpaleku batzuk ere desegingo zituztela ere ohartarazi zuen. Eta ministroak neurria jakinarazi bezain laster, paperik gabeko lagun gehienek ihes egin zuten Calaistik. Beste batzuk, ordea, han geratu ziren. Atzora arte.
Goizaldeko 7:30etan istiluen aurkako 600 poliziak sartu ziren kanpalekuan eta, su baten inguruan aurkitu zituzten etorkinak, babes politikoa eta ostatua eskatzen zuten pankarten ondoan. Etorkinen eskubideen aldeko erakundeetako kideak ere han zeuden, eta baita kazetariak ere. Haiek irtenarazi zituztenean hasi zuen operazioa Poliziak. Immigrante gehienek ez zieten poliziei aurre egin, baina beste batzuk indarrez kanporatu zituzten. Bi orduren ostean, erabat hustu zuten eremua. Helduak polizia etxeetara eraman zituzten; adingabekoak, aldiz, egoitza berezietara.
Besson ministroa bertan egon zen kanpalekua desegin zutenean, eta dena «espero bezala» joan zela eta poliziek «tentuz» jokatu zutela nabarmendu zuen. Horrez gain, etorkin bakoitzaren kasua banan-banan aztertuko dutela eta babes politikoa eskatu edo euren etxeetara itzultzeko aukera emango dietela zehaztu zuen. Hala ere, ez zuen baztertu haietako batzuk herrialdetik kanporatzea. Operazioaren aurka agertu ziren, ordea, oposizioan dauden zenbait alderdi, sozialistak eta komunistak esaterako. Sozialistek gobernuak hartutako neurriarekin arazoa lekuz aldatzea besterik ez dutela lortu salatu zuten. Komunistek ere neurria gaitzetsi zuten eta «komunikabideentzat egindako ikuskizuna» izan zela salatu.
Erresuma Batuak, bestalde, Frantziako Gobernuaren immigrazio politika babestu du. Alan Johnson Barne ministroak «gustura» hartu du Calaisko kanpamentua ixteko erabakia. Dena den, « benetako errefuxiatuak laguntzeko eginbidea» berretsi du.
Calaisko kanpamentua Frantzian paperik gabeko immigrante gehien biltzen zituen eremuetako bat zen. Iraketik eta Afganistandik iritsiak ziren bertan zeuden gehienak, baina sudandarrak, nigeriarrak eta somaliarrak ere bazeuden. Han eraikitzen zituzten euren egurrezko eta metalezko etxolak itsasora noiz abiatuko zain.
Gobernuz kanpoko erakundeek egoera kaskarrean bizi zirela salatu dute, ur edangarria zuen iturri bakarrarekin eta inguruan zabor ugarirekin. Mila inguru izatera iritsi ziren; atzo, ordea, gehienak alde eginda zeuden atxilotu eta erbesteratu egingo zituztelakoan.
Aurretik, 2002an Gurutze Gorriak zuen Sangatteko errefuxiatu kanpalekua itxi zuten. Hura ere, Calaistik gertu zegoen eta hango baldintzak ere tamalgarriak ziren. Horren lekua ordezkatu zuen atzo itxitakoak.
Frantziako agintariek adierazi dutenez, aurretik Jungle kanpamentuan bizi ziren 170 lagunei babes politikoa eskaini diete. Aldi baterako paperak eta etxebizitza eskainia diete eta beste 180 lagunek euren etxeetara itzultzeko aukerari baiezkoa emango diote. Kanpamentu horretan aurkitzen ziren etorkinen kopuruak nabarmen behera egin dutela jakinarazi nahi izan du horrela Frantziako Gobernuak.
Operazioaren aurka
Immigranteen aldeko taldeek gogor gaitzetsi dute operazioa; izan ere, kanpalekuak ixtean arazoa konpondu ordez, egoera okertu egingo dela uste dute. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Calaisko kasuak Europako gobernuek babes politikoen inguruan akordioa lortzeko duten beharra utzi du agerian. Horrez gain, etorkin bakoitzaren kasua aztertzen duten bitartean, leku egoki batean ostatua emateko eskatu diete agintariei; eta adingabekoen kasuan neurri bereziak hartzeko. Erresuma Batua ez dela uste duten «paradisua» ohartarazi diete ere etorkinei; eta Frantzian babes politikoa eskatzeko.
200
Etorkinak munduan. 200 milioi etorkin inguru daude egun mundu osoan, eta horietatik %49,6 emakumeak dira. Horretaz gain, 2007an 26 milioi desplazatu zeuden 52 herrialdetan; urte bat lehenago, aldiz, 24,5 milioi ziren beren etxeetatik ihes egin zutenak.
4.000 euro errefuxiatuak hartzearen truke
Europa hegoaldeko herrialdeei laguntzeko asmoz, Europako Batasunak 4.000 euroko laguntza emango die herrialdeei hartzen duten errefuxiatu bakoitzeko. Hala, behin-behineko asiloa duten etorkinak trafikatzaileen eskuetan eror daitezen saihestu nahi du Europako Batasunak.
Paperik gabeko etorkin adingabeen auzia
Unicefek eskatu dio Europari paperik gabeko etorkin adingabeei adingabeen inguruko legedia ezartzeko, eta ez etorkinei orokorrean ezartzen zaiena. Hain zuzen ere, aste honetan bertan eskatu dio Espainiako Gobernuak Bruselari adingabeak diren etorkinen gaineko legedia komun bat ezartzea aztertzeko.
Parisek jada ez die eskatuko DNA proba etorkin familiei
Frantziak atzera bota du etorkinen senideei herrialdera sartzen uzteko jarri nahi zien baldintza; 2007an berretsitako legearen arabera, immigranteen familiartekoak zirela zioten guztiek DNA proba aurkeztu behar zuten. Neurria ez da inoiz indarrean izan, eta ez da izango. «Ez da aplikagarria», argudiatu dute.
(Puede haber caducado)