Hitz beste

Hesia

Berria, Anjel Lertxundi, 17-09-2009

Hesi hitzaren hiztegietako adibideetan, abereak gordetzeko dira maizenik. Pertsonentzat direnean, besteengandik defendatzeko eta etsaiak gordean edukitzeko eraikitakoak dira etsenplu gehienetako hesiak. Inork ez dio hesirik jartzen bere buruari; bai, ordea, arrotzari, desberdinari.

Atzoko berripaper honen azalak «gazte etorkinei eusteko» hesi handi baten argazkia zekarren. Porrot sozial baten erretratua zen; kontu triste asko kontatzen zituen irudi are tristeagoa. Hitz joko erraz bat eginez, esan liteke heziketarekin asmatu ezinik, hesiketari ekin diotela agintariek. Baina ortografikoa baino askoz ere handiagoa da, tamalez, batetik besterako aldea.

Mendiak hesitu ditugu, eta baratzak, eta urbanizazioak, eta txaletak. Segurtasunaren zerga omen. Ohartuko bagina sikiera nonahi altxatzen ari garen hesi horiek guztiek gure mundu-ikuskera librea hesitzen dutela batez ere…

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)