Yemengo kostara iristeko saioan 65 etorkin hil dira itsasoan itota
Urtarriletik hona 43.586 etorkinek egin dute Yemeneranzko zeharkaldia, Somaliako gerratik ihesean
Berria, , 16-09-2009Erredakzioa.
Somaliatik irtendako 65 etorkinek gutxienez galdu dute bizia iragan igande eta astelehen bitartean Yemengo kostara iristeko saioan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, orain artean hamasei etorkin hil dira, eta beste 49 desagerturik daude.
Urtarriletik gaur arte 273 lagunek galdu dute bizia Afrikatik Yemenera iristeko saioan. Denbora horretan, 43.586 lagunek egin dute ihes Somaliatik ontzi klandestinoetan, herrialde hori astintzen duten gosea eta gerra atzean uzteko asmoz. UNHCRk salatu du etorkin horietako asko kostatik gertu jaitsiarazten dituztela, eta horren ondorioz itota hiltzen direla.
NBE Nazio Batuen Giza Eskubideetarako goi mandatari Navi Pillayk Italiak Libiako etorkinekin izan duen jarrera salatu du. Haren arabera, Silvio Berlusconiren gobernuak dagoeneko Afrikako mila etorkin bidali ditu Libiako hiriburu Tripolira: «Italiak etorkinak baztertu ditu, eta arriskuen aurre egiteko ez die babesik eman» horiek «hondakin kaltegarriak» balira bezala tratatu dituela. Gainera, herrialde horrek etorkin izatea delitutzat hartzea «larria» dela adierazi du. Itsasoan galdurik dauden afrikarrei babesa eta laguntza eskaini ez izana «gizagabetzat» jo du, eta horrek nazioarteko eskubidea bortxatzen duela salatu du Navi Pallyk.
(Puede haber caducado)