Trapagarango alkateordea inputatu dute, ijitoei ustez jazartzeagatik

Barakaldoko Epaitegia prebarikazioa egoztea aztertzen ari da, familia erroldatzeari uko egiteagatik

Berria, , 08-09-2009

Erredakzioa.
Bilbo

Pilar Souto Trapagarango (Bizkaia) alkateordea inputatu gisa deklaratzera deitu du Barakaldoko Instrukzio Epaitegiak, Zugaztieta auzora mugitutako ijito familiaren aurkako mugimenduaren auzian. Soutori prebarikazio delitua lepora diezaioke epaitegiak, sendia erroldatzeari uko egiteagatik.

Iragan apirilean hasi ziren auzokoen mobilizazioak, ijito sendia bertara mugi ez zedin, «gatazkatsua» zelakoan, nahiz eta familiakoek ebatzi gabeko auzirik ez eduki. Besteak beste, sendia mehatxatu eta iraindu zuten, eta haien etxeko atea birritan estali zuten, silikonarekin lehenengo, eta metalezko habe eta porlanarekin, ondoren. Ekintzotan etxebizitza mobbing deliturik egon ote den aztertzen ari da epaitegia.

Zugaztietara mugitutako sendiaren eta Ijitoen Ekimenaren iritziz, xenofobia kasu argia da haien aurkako mugimendua, eta uste dute Trapagarango Udalak horren berri zuela hasieratik. «Ijitorik nahi duenak eraman ditzala bere etxera», zioen Zugaztietako auzo elkarteak Udalera bidalitako gutun batek. Erakundeak auzo mugimenduaren aldeko jarrera agertu izan du; trabak jarri zizkion ijito sendiari, eta abokatuen laguntza eskaini zien protestetan parte hartu zutenei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)