Bruselak azalpenak eskatuko dizkio Italiari etorkinen auzia dela-eta
Maiatzaz geroztik paperik gabeko mila bat pertsona bidali dituzte Libiara Italia eta Maltako agintariek
Berria, , 02-09-2009Erredakzioa.
Europako Batzordeak iragarri zuen atzo azalpenak eskatuko dizkiela Italia eta Maltako gobernuei, etorkinen kanporatzeak direla eta. Izan ere, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez, joan den asteburuan paperik gabeko 75 pertsona bidali zituzten Libiara. Ordu batzuk lehenago iritsiak ziren Italiara, eta ez zieten asiloa eskatzeko denborarik eman.
Erromako iturrien arabera, maiatzaz geroztik mila etorkin inguru kanporatu dituzte Italia eta Maltako agintariek. Italiako lehen ministro Silvio Berlusconik kanporatzeen alde egin du: «Benetako integrazio politika bultzatu nahi badugu, ezin dizkiogu Italiako ateak edonori ireki». Gobernuburua, ordea, haserre agertu da Europako Batzordeen asmoen berri zabaldu delako. Goi mandatari baten eledunak jakinarazi du erabakia prentsaurrean, baina Bruselako araudiaren arabera, Batzordeko buruak edo haren bozeramaileak soilik iragar ditzakete halako ebazpenak. Hala, Berlusconik ukatu egin du Bruselak asmo hori duela, eta ohartarazi du Europako Batzordearen lanak blokeatuko dituela, araudia urratzen jarraitzen badute. «Jarrera horri eusten dioten mandatariak eta haien eledunak kargugabetu egin beharko lirateke, halako adierazpenek oposizioari armak ematen dizkiotelako, benetan zer salaturik ez badago».
Etorkin gutxiago
Italiako Barne ministro Roberto Maroniren arabera, maiatzaz geroztik paperik gabeko %92 etorkin gutxiago heldu dira. Horiek hala, Erromak arrakastatsutzat jo du immigranteak kanporatzeko onartutako legedia.
Giza eskubideen aldeko erakundeen arabera, ordea, askotan, iritsi eta ordu gutxira kanporatzen dituzte immigranteak, eta, ondorioz, asiloa eskatzeko ere denborarik ez diete ematen. Asko dira gerretatik ihesi edo bizimodu hobeagoaren bila Europara datozenak, baina Bruselak ezarritako patruilak direla eta, geroz eta arrisku handiagoak gainditu behar dituzte.
(Puede haber caducado)