Xenofobia eta delinkuentzia

Berria, June Fernandez Bizkaiko SOS Arrazakeria taldeko kidea, 01-09-2009

Azken asteotan, zenbait egunkaritan, immigrazioa eta delinkuentzia batzeko joera daukaten zenbait kazetarik, gazte magrebtarrak ustezko segurtasunik ezaren erruduntzat jo izan dituzte.

Bilboko Aste Nagusian izan den lapurreta bortitzen ustezko igoera leporatzen zaie, eta, Donostian egindako ekintza polizialen ondorioz, atxilotutako delitugileen profila hori dela ezarri da.

Berri horien guztien oinarria, polizia konkretuen kontakizunetan dago, eta hori Arartekoak, 2004. urtean, xenofobia ekiditeko atxilotuen naziokotasuna komunikabideei ez ematearen gomendioaren aurka doa.

Ikuspegi-ren azkeneko txostenaren arabera, biztanleriaren erdiak baino gehiagok uste du etorkinen helduerak eragin txarra daukala segurtasunean. Ez gaitu harrituko, kontakizun horien aurrean hedadura handiko egunkari batean azaldu den bezala: «gazte magrebtarrak neskatxoei muturrekoak ematen dizkietela edo emakume adinduei lepokoak lapurtzeko erasotzen dietela», jendartearen gehiengotxoak gazte horiek, izatez, delitugile potentzialak direla pentsatzea, eta bereziki gaiztoak, gainera.

Aurreiritzi eta estereotipo xenofoboak indartzeaz aparte, ezer onik ekartzen dute kronika horiek? SOS Arrazakeriaren ustez, ezer onik ez. Bestetik, berri horiek eta duela gutxi Justizia Arloak argitaratutako txosteneko informazioa kontraesanean daude, ume arau-hausleen %8 baino gutxiago atzerritar magrebtarrak direla esaten baitu azkenak.

Hain ahula den ume atzerritarren kolektiboaren estigmatizazioak ez du balio delinkuentziaren aurka borrokatzeko, baizik eta guztiz kontrakorako. Gizartean izaten diren arazoen arrazializazioak arazoak desitxuratzen ditu, eta, ondorioz, konponbide efektiboak ezingo dira oinarritu faltsuak diren irakurketetan. Gaztea eta magrebtarra izatearen datuak ez du ezer argitzen. Horrek, gu erasoen bertako biktimak, nahiz eta ez jakin zenbat biktima diren magrebtarrak eurak eta besteen etorkinak, delitugile potentzialak beraz arteko eskema manikeoa besterik ez du indartzen.

Edonola ere, delinkuentziaren estatistiketan ematen den kolektibo horren gehiegizko errepresentazioa argitu dezakeena, kolektiboak sufritzen duen bazterkeria sozial larria litzateke. Behin eta berriro errepikatuko dugu, ume horien oinarrizko eskubideak errespetatzen dituen harrera integrala bultzatzen duten politikak, adin nagusitasuna heltzean bortizki amaitzen ez dena, gatazkak aurrezaintzeko modu hoberena dela.

Mundutik Mundura Bizkaiko Foru Aldundiaren emantzipazio programak ume asko kanpoan uzten ditu; hainbeste, hutsune horiek betetzeko GKEek bultzatutako Hemen programa ere gainezka dago. Halaber, Foru Aldundiak, gazte horien tutore legal gisa, bere betebeharrak ez dituenez betetzen, asko kalean ikusten dira egun batetik bestera, paperik gabe, lanik gabe eta bizitza autonomo bat hasteko trebetasunik eta erreferente heldurik gabe.

Aurreiritzi xenofoboetan oinarritutako irakurketa sinplistek elkarbizitza mehatxatzea besterik ez dute egiten, gu guztiak kaltetuta ikusten garelarik. Lehendabizi etorkinen kolektiboari egiten dio kalte, eta gero eta gehiago estigmatizatua eta baztertua bizi da. Baina gero, bertakoei ere kalte egiten die, beldurrak eta konfiantza faltak gizakion ongizatea mugatzen duelako. Eta, azkenik, diskurtso horiek jarraitzea gizartearen egiazko arazoen sustraietatik aldentzen gaitu, delinkuentzia barne.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)