Greziako etorkinen zentro bateko egoera salatu du UNHCRek

Eraikinean 200 eta 300 haur bitartean sar daitezke; egun, 850 lagun baino gehiago daude bertan

Berria, , 29-08-2009

Erredakzioa.

Lesbos uharteko (Grezia) errefuxiatuentzako eraikineko egoera salatu du UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuetako Goi Mandatariak. Bertan dauden etorkinen kopurua legeak baimendutakoa baino bi aldiz handiagoa da. Gainera, egoera tamalgarrian daudela salatu du aipaturiko erakundeak.

UNHCReko kideek uste dute zentro horren baldintzak «onartezinak» direla: «Egongela batean 150 emakume eta 50 bat haur daude. Horietako asko gaixorik daude, pilaketaren ondorioz», salatu du Andrej Mahecic elkarteko bozeramaileak. 200 eta 300 pertsona artean har ditzake Lesbos uharteko Pagani aterpetxeak, baina, egun, 850 lagunetik gora daude bertan; horietako gehienak afganiarrak dira.

Horrez gain, Grezian etorkinen inguruko auzian dagoen arazoa eta haiek babesteko sistemaren eraginkortasun falta salatu du Mahecicek. Gainera, gogoratu du UNHCRk iaz egindako gomendioak ez dituztela jarraitu.

Lekualdatzeko agindua

Bestalde, gizarte elkartasuneko erakundeko iturrien arabera, hurrengo hilabetean Paganin bakarrik dauden haurrak haientzat prestaturiko eraikin berezietara eramango dituzte.

UNHCR-ren datuen arabera, 2008an Greziako kostazainek 2.648 etorkin atzeman zituzten, baina beste askok lurraldean sartzea lortu zuten. Pertsona horien bizi-baldintzak hobetzeko eskatu diote Greziako Gobernuari.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)