Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan etorkin gehiegi dagoela diote hamarretik seik
Kopurua handiegia dela uste arren, herritarrek ez dute immigrazioa arazo gisara hartzen, Ikuspegiren arabera
Berria, , 26-08-2009Erredakzioa.
Bilbo
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleek ez dute immigrazioa arazo gisa ikusten, ezta arazo pertsonal gisa ere. Ikuspegik egindako txostenak emandako datuak dira. Alabaina, etorkin gehiegi edota dezente daudela uste dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hamar biztanletik seik. Etorkinen eta immigrazioaren afera gizarteko arazo nagusitzat dute biztanleen %2,7k; eta %12,9k, berriz, gizarteko hiru arazo nagusienen artean daukate. Hala, herritar gehienen ustez, langabezia, ETA eta etxebizitzaren afera dira gizarteko arazo nagusiak, oraindik ere.
Datuen arabera, esan daiteke Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak kultur aniztasunaren aldekoak direla. Hain zuzen ere, askotariko kultura, etnia eta erlijiorekin osatutako gizartea ona dela pentsatzen dute biztanleen erdiek baino gehixeagok (%50,1). Era berean, inkestatuen %60,7k dio erlijio praktikek ez dutela herritarren bizimodua arriskuan jartzen.
Halere, EAEko biztanleriak etorkinenganako aurreiritzi ezkorrak dituela azaldu du Ikuspegik. Besteak beste, %68,5ek uste dute gizarte babeseko sistema gehiegi aprobetxatzen dutela etorkinek, eta %51,2k diote herritarrengan eragin kaltegarriak sortzen dituztela. Bestalde, barometroak ikerketan jarritako irizpideen arabera, ohitura eta tradizioak dira osagai bateragarrietarako jarraitu beharreko ereduak. Hala, elkarbizitzaren garrantzia aditzera ematen dute datuek. Besteak beste, biztanleen % 85,4k uste dute etorkinek bertakoen ohiturak eta tradizioak berenganatzen saiatu behar dutela.
Etorkinak eta euskara
Ikuspegik emandako datuen arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleek ez dituzte euskara eta euskal nortasuna arriskuan ikusten, etorkinak etorri arren. Biztanleen %66,6k uste dute atzerritarrak etortzeak ez duela euskararen garapena geldituko. Era berean, %67,7k adierazi dute etorkinek ez dutela euskal nortasuna galtzeko arriskurik sortzen.
(Puede haber caducado)