Gutxiengoek ikastetxeetan integratzeko arazoez aritu dira EHUren Udako Ikastaroetan. Eskolak integrazioan duen garrantzia nabarmendu dute hizlariek: «Eskolan aurkitu behar dituzte erremintak gizartean sartzeko».

Ikasgela koloretsua, aberastasun iturri

Berria, Garikoitz Goikoetxea. Donostia , 26-08-2009

Txikiak egiten du handia. Baina handiak berak jan egin dezake. Handiak txikia irentsi. Ikasgelan ere ez da bestela gertatzen. Desberdina baztertzeko arrisku horri nola aurre egin aztertu zuten, atzo, EHUren Udako Ikastaroetan, Donostian. Eskola barneratzailea sortzeko oztopoak nola gainditu. Horra erronka.

Handiaren eta txikiaren apustua da eskola barneratzailea sortzekoa. Batak besteaz duten iritzia aldatu beharra dagoela sinistuta dago Rafaela Jimenez. Gasteizko Gao Lacho Drom elkarteko kidea da, eta ijitoak hezkuntzan sartzeko lanean dihardu. Ijitoak eskolan sartu berri direla dio, eta zer hobetu asko dagoela. «Eskola tradizio gutxi dute ijito ikasleek, urrun dute». Horrek eragin nabaria du: «Ikasleek itxaropen gutxi dute eskolan, eta gurasoek ere ez dituzte bultzatzen». Jimenezen arabera, hortik dator ijito ikasleak eskolara ez joatea eta ikasketetan gogorik ez jartzea. Eskolak ere ez ditu, ordea, erakartzen. «Ijitoak txartzat hartzen ditu, eta ez da haiengan itxaropenik jartzen».

Eskolan barneratzea, ordea, garrantzitsua da. Gizarte txikia baita azkenean, eta etorkinek funtsezko dute eskolan integratzea. Hartara, haur etorkinak gainerakoekin erlazionatu beharraren garrantzia nabarmendu du Aali Salem Aslamou sahararrak. «Ume etorkinek eskolan aurkitu behar dituzte erremintak gero gizartean sartzeko». Hizkuntza izan daiteke arazoetako bat hori egiteko. Aslamouk dio etorkinek maiz jotzen dutela haurrak A ereduan matrikulatzera, «konplexutasun gutxiago izateko». Ordea, uste du zaildu egiten duela horrek haurrak behar bezala integratzea. «A ereduan ikasten duten etorkinak ikastetxe jakin batzuetan biltzen dira, eta ez dute kontakturik izaten bertokoekin, gehienek beste ereduetan ikasten dutelako. Ghettoak ari dira sortzen».

Gizartea, azken helmuga

Gurasoek ez dezakete jo errazenera, baina eskolak ere saiatu behar du haiek erakartzen. «Ezaugarri bereziak dituztela kontuan izan behar da: hizkuntza, nortasun kulturala… Ez dute sentitu behar bateraezinak direla eskolan erakusten dena eta haien ezaugarriak». Gurasoak erakarri beharra garrantzizko jo du Fevas elkarteko Eguzkiñe Etxabek ere. Adimen ezintasuna duten haurrekin egiten du lan. «Erronka da zer egin adimen ezintasuna dutenen familiek eskolarengan konfiantza izan dezaten».

Erronka eskolaz haragokoa dela diote hizlari denek. «Eskola barneratzailea ez ezik, bizitza barneratzailea behar dugu», esan du Etxabek. Alegia, eskola aldia amaitu ondoren ere gutxiengoak kontuan izango dituen gizartea. Azken batean, eskola bera ez ezik, gizartea bera ere «aniztasunera kondenatua» dagoela dio Aali Salem Aslamouk. «Haien sustraietatik abiatuta, gutxiengoak izango dira kultur aniztasunaren zuhaitzak».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)