Nomadak Lehuntzeko futbol zelaian sartu dira

Hirurogei karabana heldu dira herrira, eta bi astez han egonen direla adierazi diote herriko auzapezari

Berria, , 25-08-2009

Eneko Bidegain.
Baiona

Nomadek futbol zelai bat hartu zuten igandean, Lehuntzen (Lapurdi). Arratsalde bukaeran hirurogei bat karabana iritsi ziren eta han jarri. Iazko oroitzapen txarrak datozkio berriz gogora Pettan Gillemotonia herriko auzapezari: «Iaz desmasia handiak egin zituzten eta, ondorioz, futboleko jokalariek ezin izan zuten zelaia erabili zenbait denboraz». Aurten ere hala izanen dela beldur da Gillemotonia.

Ez dutela beste lur batera joan nahi dio. «Zelai hau ezagutzen dute. Ura eta argindarra hartzen ahal dituzte zelai honetan. Beraz, pozik daude hemen». Gillemotonia Baiona-Angelu-Miarritze Hiri Elkargoko arduradunekin sartu zen harremanetan atzo, nomada horiek hartzeko tokirik bazuten galdetzeko. «Baina ez daukate. Lur eremu guztiak beteta dauzkate. Eta tokia egitekotan, zelai bat hustu beharko lukete».

Hamabost egunez

Beraz, Lehuntzen daude. Gillemotonia nomaden arduradunarekin sartu zen harremanetan nomadak iritsi bezain laster. «Gure arteko harremana aski ongi pasatu da. Bi astez egonen direla erran dit. Besterik da ea hitza beteko duten ala ez». Iaz ere zelaian ez zutela kalterik eginen erran zuten, baina azkenean nahiko andeaturik utzi zuten.

«Herritarrek biziki gaizki hartu dute nomaden etorrera. Badakite ez dela gure falta, baina ez dezakete jasan. Ia urte guziez izaten ditugu arazoak nomadekin. Udako arazoa bihurtu da».

Nomadak urtero etortzen dira Lapurdira, uda hasten denetik. Aurten Angelun izan ziren, iaz bezala. Beste urte batzuetan Ziburun ere egon izan dira. Herritarrak eta nomadak elkarrekin bizitzeko arazoak sortzen dira, baina gehienbat nomadek instalazio publikoak erabiltzen dituztelako, eta lurrak andeatzen. Baina horretaz aparteko arazorik edo istilurik ez da hautematen. Gehienetan, nomadak zingaroak izan ohi dira, eta Lapurdira heltzen direnak Frantzian gaindi ibiltzen dira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)