Sundancen saritutako film batek irekiko du Horizontes Latinos
'Sin nombre' lanarekin zuzendari onenaren saria jaso du Cary Joji Fukunagak AEBetako jaialdian
Berria, , 19-08-2009J. Eskisabel.
Donostia
Cary Joji Fukunaga estatubatuarrak zuzendutako Sin nombre filmak zabalduko du Donostiako Zinemaldiaren Horizontes Latinos saila. AEBen eta Mexikoren arteko ekoizpen horrek oso harrera ona izan zuen Sundance jaialdian. Zuzendari onenaren saria jaso zuen Fukunagak, eta argazkilari onenarena Adriano Goldmanek. Hondurasetik AEBetara Mexikon barrena emigratzen duen Sayra nerabea da filmeko protagonista.
Hamahiru film lehiatuko dira Horizontes Latinos sailean, 35.000 euroko saria eskuratzearren. Argentina, Txile, Kolonbia, Mexiko, Peru eta Uruguain ekoitzitako filmak dira, horietako batzuk Europako herrialdeen, AEBen eta Kanadaren laguntzarekin. Zerrendan film ezagun batzuk ageri dira. Esaterako, Israel Adrian Caetano, Bolivia eta Crónica de una fuga-ren egilea. Zuzendari argentinarrak Francia aurkeztuko du Donostian. Berlinalen Epaimahaiaren Sari Nagusia jaso berri duen filma ere nabarmentzen da, Adrian Biniez uruguaitarraren Gigante. Canneseko jaialdiaren azken ekitaldian sail ofizialetik kanpo aurkeztutakoak ere badira, Huacho (Alejandro Fernandez Alamendras), Los viajes del viento (Ciro Guerra) eta Daniel yAna (Michel Franco) kasu.
Zinema Eraikitzen
Horrez gain, Donostiako Zinemaldiak eta Tolosako (Frantzia) jaialdiak sustaturiko Zinema Eraikitzen egitasmoari esker gauzatutako filmek osatzen dute Horizontes Latinos saila. Aurten bost film izango dira: El árbol (Carlos Serrano Azcona) Rotterdamgo jaialdian parte hartu du, Contracorriente (Javier Fuentes-Leon), Ilusiones ópticas (Cristian Jimenez), La invención de la carne (Santiago Loza) Locarnoko jaialdian estreinatu berri da eta Perpetuum mobile (Nicolas Pereda).
(Puede haber caducado)