Beste bi helegite jarriko dizkiote Baionako mezkitari

Paueko Auzitegiak ez du onartu Paisaien Aldeko Elkarteak mezkitaren aurka ezarri lehen helegitea

Berria, , 19-08-2009

Erredakzioa.
Baiona

Paueko Auzitegiak (Frantzia) Baionako mezkitaren aldeko epaia eman eta gero, beste bi helegite jarriko dituela ohartarazi du Frantziako Paisaien Aldeko Elkarteak, mezkita ez dezaten eraiki. Paueko Auzitegiak ostiralean erabaki zuen mezkita eraikitzeko lanak legezkoak direla, eta atzera bota zuen Paisaien Aldeko Elkarteak jarri lehen helegitea. Baionako Herriko Etxeari 1.000 euro ordaintzera kondenatu du elkartea, auziak sortu fresak ordaintzeko gisan.

Fronte Nazionaleko bi militantek (Louis-Pierre Clementik eta Henri Chevratek) ordezkatzen duten elkarteak bi helegiteak aurkeztea erabaki du, Paueko Auzitegiaren epaia jakin eta berean. Batetik, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira (Frantzia) jotzeko asmoa adierazi dute. Epaia ez dela «bidezkoa» izan deritzo Paisaien Aldeko Elkarteak. Bestetik, Baionako Auzitegira joko dute, Jean Grenet Baionako auzapezaren eta Euskal Kostaldeko Musulmanen Elkartearen aurka, «iruzur egiteagatik». Mezkita egiteko Herriko Etxeak saldu lurrari eta eman eraikitze baimenari lotua da helegite horren muina. 1958ko urriaren 4ko Konstituzioa ez duela errespetatzen uste dute salatzaileek, «ezta 1905eko abenduaren 19ko Laikotasunaren Legea ere». Bertzalde, erakunde publikoek ezin diete erlijio elkarteei diru laguntzak eman, Paisaien Aldeko Elkartearen arabera.

Mezkita eraikitzeko baimena 2008ko martxoan eman zuen Herriko Etxeak, eta apirilaren 10ean aldaketak ekartzeko baimena gehitu zuen. Lehen helegitea aztertu duen epailearen iritziz, «salatu erabakiaren legaltasuna dudan jartzeko arrazoi seriorik ez da» Paisaien Aldeko Elkartearen helegitean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)