«Krisiaren biktimekin» malgutasun gehiago eskatu du SOS Arrazakeriak
Etxea galtzear dauden etorkin langabeei etxe bat izateko eskubidea bermatu behar zaiela aldarrikatu du
Berria, , 30-07-2009Jon Rejado.
Gasteiz
Krisi ekonomikoak eragiten dituen behar egoerei modu egokiagoan aurre egiteko eskatu du Arabako SOS Arrazakeriak. Langabezian egoteagatik alokairua ere ordaintzeko aukera ez duten «krisiaren biktimen» aurka hartzen diren neurriak malguagoak izateko eskatu dio Administrazioari, eta, batez ere, Etxebide babes ofizialeko etxebizitza emateko zerbitzu publikoari.
Krisi egoeran gehien sufritzen dutenak langileak direla gogorarazi du elkarteak, eta, horien artean, etorkinak. «Krisiaren lehen biktimak» direla nabarmendu du elkarteak, eta dagoeneko muturreko egoeratara bultzatu ditu babesgabetasun horrek. Adibidez, ekainaren 30ean bere buruaz beste egiten saiatu zen langile baten berri eman du SOS Arrazakeriak.
Babes ofizialeko alokairuzko etxebizitza batean familiarekin bizi zen A.M., 46 urteko gizona; Marokon jaio zen, eta duela hogei urte Gasteizko bizilaguna zen. SOS Arrazakeriak azaldutakoaren arabera, hainbat hilabetetan ezin izan zuen ordaindu alokairua, eta Etxebidek kalera bidaltzeko neurriak hartzeko bidea hasi zuen. Etxebidek legeriak agintzen duena betetzen duen arren, arazo sozialen aurrean «modu mekanikoan eta gotortuan» jokatzea kritikatu du SOS Arrazakeriak.
Gizona Gasteizko ospitale batean dago oraindik, zauri larriak baititu gorputzean zein buruan. «Berak zein familiak onartu ezin den ordainsaria ordaindu dute sortu ez duten egoera bati aurre egin nahi izateagatik, biktima soilak izan arren», azaldu du arrazakeriaren kontrako elkarteak.
Ohiko pausoak gainditu
Alokairua ordaintzen ez duen pertsona baten aurka protokoloak agintzen dituen pausoak gainditzeko beharra ikusten du SOS Arrazakeriak. Langabezia, krisia, diru sarrera eza eta gizarte mailan bakartua sentitzen den pertsona edo familia baten aurrean pauso horiek «malgutasun» gehiagorekin emateko eskatu du. Azken batean, Administrazioa da etxebizitza duina izateko eskubidea bermatu behar duena; ordea, gizarte laguntzak jaso ahal izateko gainditu behar den «nahaspila burokratikoak» eskubidea gauzatzea galarazten du hainbatetan.
Egoera horietan protokoloa zorrotz ezartzeak «ez du balio», SOS Arrazakeriaren ustez. Lan munduko eta gizarte mailako arazoak modu bateratuan landu behar direla uste du. Hori oinarritzat hartuta, egungo protokoloak eta araudiak gizartean den egoerara egokitu beharko lituzke Administrazioak. Hau da, etxetik botatzeko aginduak, ondasunak bahitzea edo hipoteka ez ordaintzegatik etxeak enkantean ateratzea neurriz erabili beharko lituzke Administrazioak, SOS Arrazakeriaren ustez.
Herrialde guztietako gobernuek krisiaren aurka duten alde biko irizpidea gogora ekarri dute. Bankuek «finantza hondamena» eragiten dutenean milioika euro bideratzen dituzte egoera hori konpontzeko, inolako ordainik jaso gabe horren truke. Eta Administrazioak, berriz, gizarte mailako behar larrienak alde batera uzten ditu.
(Puede haber caducado)