CD piratak saltzea egotzita, Bilboko bi senegaldar kanporatzeko arriskuan daudela eta haietako bat espetxean dutela salatu dute elkarretaratze batean hainbat gizarte eragilek
Bizirik iraun baino ez dute nahi
Berria, , 28-07-2009Ekaitz Herrera.
Bilbo
Beldurrez bizi gara. Edozein momentutan eraman gaitzakete polizia etxera, edota identifikatzeko eska diezagukete. Beti gaude beldur horrekin, eta ez dakigu noiz gertatuko zaigun halakorik», azaldu du Oumar Kanek. Saltzaile ibiltaria da Kane, eta, beste asko bezala, bizimodu berri baten bila etorri zen Senegaldik Euskal Herrira duela bi urte pasatxo. Hala, besteak beste, musika eta filmen CDak salduz lortzen du bizimodua aurrera ateratzea.
Atzo goizean, ordea, salgaiak alde batera utzi eta kalera protesta egitera irten zen Kane. Izan ere, Mbolo Moye Doole etorkinen eskubideen aldeko elkarteko eleduna ere bada, eta elkarteak deitutako elkarretaratzean parte hartu zuen. SOS Arrazakeria, Izangai, eta CEAR Euskadi elkarteek ere bat egin zuten deialdiarekin.
Bertan, besteak beste, CD piratak saltzeagatik Basauriko kartzelan (Bizkaia) preso dagoen kidea Aladji askatzeko eskatu zuen elkarteak. Auzia 2008ko abuztuaren 3an hasi zen; egun hartan, Bilboko bi bizilagun senegaldar atxilotu zituen Poliziak Torrelavegan (Kantabria, Espainia), bizkar zorroetan disko piratak zituztelako. Auzitegiak sei hilabeteko espetxe zigorra, 900 euroko isuna eta SGAEri 650 euro ordaintzeko zigorra ezarri zien; alabaina, epaileak espetxe zigorraren ordez, kanporatzea agindu zuen. Azkenik, aurtengo uztailean, zigortuetako bat espetxeratzeko agindu zuen epaileak, kanporatu arte.
Kanek berak ere badu antzeko auzirik. Pasaportea ateratzera joan zen Madrilera, eta Euskal Herriratzeko unean, Poliziak Zaragozan (Espainia) atzeman zuen. Geroztik, kanporatze agindua du. «Epaiketa duela hilabete izan zen, eta kanporatzea agintzen duen epaiari helegitea jarri diogu», azaldu du Mbolo Moye Doole elkarteko kide Patxi de la Fuentek.
Dena kentzen diete
Disko piraten saltzaileek CD kopuru bat erosten diote sare bati, prezio jakin batean. Une horretatik aurrera, CDak saltzailearenak berarenak dira, berak du salmentaren gidaritza osoa, eta erositakoan baino prezio altuagoan saltzeari ekiten dio. Horrenbestez, Poliziak materiala bahituta, berea dena kentzen dio saltzaileari. «Gainera, askotan, poltsikoan dutena ere kentzen die Poliziak, daukaten dirua legez kanpoko salmentatik lortutakotzat jozten baitute. «Jateko beharrezko duten dirua kentzea gogorregia da», salatu du De la Fuentek. «Horrelako arazoak dauden bakoitzean, errazegi esaten da mafia kontuak direla. Zergatik ez dira mafiak desegiten? Mafiak direla esanda, erdi justifikatuta gelditzen da saltzaileak atxilotzea, baina kartzelara beti jende xumea doa. Eta horrek oraindik ahulago uzten du pertsona».
Hori guztia dela eta, honako hau eskatu zuten atzoko elkarretaratzean: Basauriko kartzelan espetxeratua dagoen kidea askatzeko, saltzaile ibiltarien kontrako erasoak eteteko, zigortuta dauden saltzaile ibiltariak indultatzeko eta Zigor Kodea aldatu eta salmentak despenalizatzeko.
Hori lortzeko bidean, eguneroko bizirautea aurrera doa Oumar Kane eta haren kideentzat. Edozer gertatuta ere, adi daude elkarteko kideak, eta Kanek berak ere bere lanari eusten dio. Une honetan diskoak saltzen ditu, baina salgaiak gauza aldakorrak direla badaki.
Halere, jarrera tinkoa agertu du Kanek krisi ekonomikoak ekar dezakeen arrazakeriaren gorakadaren inguruan: «Ez dakit krisiak arrazakeria eta honelako auziak areagotuko dituen. Garrantzitsuena da guk zerbait egin eta aurre egingo diogula».
(Puede haber caducado)