Elena Arce abokatu eta Espainiako Arartekoaren aholkulariaren ustez, etorkin adingabeekin gertatzen ari denak agerian uzten ditu adingabeen babeserako sistemen «gabeziak».

Ezer baino lehen, adingabeak

Berria, Ainara Arratibel Donostia, 25-07-2009

Ezer baino lehen babesik
gabeko adingabeak dira,
ez paperik gabeko etorkinak.
Beraz, hemengo
adingabeen eskubide berak bermatu
behar zaizkie. Kasu askotan,
ordea, ez da egiten». Espainiako
Arartekoaren lege aholkulari
Elena Arce abokatuak hitz
horiekin gogorarazi nahi izan du
etorkin adingabe askok bizi duten
«babesik eza». Alor horretan
zuzenbidea «oso argia» dela gogoratu
du, eta legea errespetatzeko
eskatu die erakundeei.
Arce Euskal Herriko Unibertsitateko
(EHU) Udako Ikastaroetan
izan zen atzo, EAEko Arartekoak
adingabeen eskubideen inguruan
antolatutako ikastaroan.
Garbi utzi nahi izan du, legez, erakundeak
«behartuta» daudela beren
herrialdera iristen diren etorkin
adingabeak babestera. «Hori
ezin da eztabaidatu». Bide horretan,
gogor salatu du hainbat erakundek
etorkin adingabe horien
inguruan hartzen duten jarrera.
«Adingabeen zentrotik ihes egin
dutenaren aitzakian, adibidez,
haien zaintza bertan behera uzten
dute. Hori ezin da egin. Ez da
legezkoa». Adibide argigarri bat
eman nahi izan du, hori azaltzeko.
«Nire alaba adingabeak etxetik
alde egingo balu, nik haren
zaintzaren arduradun izaten jarraituko
nuke. Hori ez du inork
zalantzan jartzen».
Hala, «bidegabea» iruditzen
zaio egungo egoeraren errua etorkin
adingabeei egoztea. «Egungo
egoerak agerian uzten duena zera
da: adingabeen babeserako sistemek
gabeziak dituztela, huts egiten
ari direla».
Babeserako sistema horien azken
xedea adingabe horiek sorterrira
itzultzea izan beharko lukeela
defendatzen dute askok, senideengana
itzultzea. Arcek uste
du, hori litzatekeela «onena eta
egokiena». «Ezin dugu ahaztu, ordea,
errealitatea bestelakoa dela.
Egungo adingabeen babeserako
sistemek ez digute baliabide, eskumen
eta gaitasun nahikorik eskaintzen,
adingabe horiek babesik
gabe utzi dituen errealitate soziala
aldatzeko».
Errealitate hori aldatzeko
«ezinbestekoa» ikusten du adingabe
horien sorterriarekin elkarlana
sustatzea. «Elkarlan horren
bidez, adingabe horien familiei lagundu
beharko litzaieke. Izan ere,
garbi dago, haurrak hona etortzeko,
oso baldintza gogorrak eta zailak
bizi behar izan dituztela sorterrian
».
Familia horien egoera aldatzen
joanez gero, herrialde horiek bizi
duten errealitate sozial, politiko
eta ekonomikoa hobetzen joango
litzateke, pixkanaka: «Hori lortuz
gero, etorkin adingabe horien bilobak
ez dira ona etortzera behartuta
egongo bizimodu ‘hobeago’
baten bila».
Aberriratzea noren mesedetan?
Hortaz, babesik gabeko adingabeak
aberriratzea erabakitzerakoan,
haien ongizatea, zaintza eta
interesak bermatu behar direla
gogorarazi du Arcek. «Guk, ordea,
aberriratze kasu asko ikertu
ditugu, eta bakar batean ere ez da
hori betetzen. Noren mesedetan
aberriratzen dira, hortaz, adingabe
horiek? Garbi dago adingabeen
mesedetan ezetz».
Gainera, nabarmendu du erabakiren
bat hartu aurretik adingabeak
dioena entzun beharko litzatekeela.
«Kasu gehienetan, ordea,
ez da egiten. Beraz, entzunak
izateko duten eskubidea urratzen
zaie».
Adingabe horiek emakumeak
izanez gero, eskubide urraketa
horiek are gehiago gertatzen direla
azaldu du Arcek: «Kasu gehienetan
adingabe horiek emakumeen
salerosketan aritzen diren
mafiek ekartzen dituzte, eta ezin
dute babesik eskatu. Halako kasuak
gero eta gehiago dira, eta
ikerketa bat egiten ari gara».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)