Adingabeen lege-hausteei ezin zaiela zigorrak gogortuz erantzun uste du Jaurlaritzak
Etorkin adingabeen lege-hauste tasa baxua da, %17; Gipuz0koan, Araban eta Bizkaian jaiotakoena, berriz, %74
Berria, , 24-07-2009Xabi Gorostidi.
Gasteiz
Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak ez du beharrik ikusten adingabeen legea gogortzeko. Azken aldian izaniko gertakarien harira, sexu erasoak eta Azpeitiko autoak apurtzea kasu, eztabaida piztu da adingabeen zigorbideko erantzukizunaren inguruan. Gaiak izan duen oihartzuna baliatuta, PPk iragarri du Adingabeen Legea gogortzeko lege proposamena egingo duela.
Ika-mika horren erdian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako adingabeen delinkuentziaren egoera azaltzeko agerraldia egin zuen Txema Finez Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuordeak, atzo. Egoera ona dela esan zuen, delinkuentzia tasak gero eta txikiagoak direlako. Haren ustez, azken aldiko kasuak eta gazteen lege-hausteak, oro har, ez dira legea gogortzearekin konponduko, hezkuntza politika egokiekin baizik. Legea gogortzeak ez duela egoera aldatuko esan zuen, delitu bat egiterako orduan gazteek ez dutelako zigorraren arabera jokatzen. Indarrean dauden legeak bigunegiak direla uste dutenei oker daudela esan zien, «hamasei urteko gazte batentzat oso gogorra delako sei urte zentro batean sartuta egotea».
Orain arte aplikatu diren lege eta hezkuntza prozedurak defendatu zituen, delinkuentzia tasak gero eta txikiagoak direlako. Horregatik, emaitza onak izan dituen legedia gogortzearen aurka azaldu zen.
Lege-hausteen datuak
Gazteen delinkuentziari buruzko txostena aurkeztu zuen atzo Justizia Sailak. 2003 eta 2007. urteen artean, Cesar San Juan eta Estefania Ocariz Kriminologia Euskal Institutuko kideek egindako ikerketak biltzen ditu txostenak. Jasotakoaren arabera, delituak egin dituzten gazteen %74 Araba, Bizkai eta Gipuzkoan jaiotakoak dira, eta deliturik egin duten gazte etorkinak, berriz,%17. Datuok erakusten dute lege-hausteak gazte etorkinekin lotzeko joera ez datorrela bat errealitatearekin.
Delituren bat egin duten gazteen soslaia egiteko soslai nagusi bat ez dagoela esan zuten ikerketaren egileek. Hala ere, %90 gizonezkoak dira, %81ek ez dute gurasoen kontrolik eta %85ek drogak kontsumitzen dituzte. Lehen delitua egiten duten gazteen artean %14k bakarrik egiten dute bigarren delitu bat adingabeak diren bitartean. Adin nagusiko egitean, portzentajea bikoiztu egiten da: %28. Hala ere, adingabeak diren bitartean %86k ez dute lege-hauste gehiagorik egiten.
2006 eta 2009. urteen arteko datuekin beste txosten bat egiten ari dira ikerlariak. Amaitzeke dagoen arren, datu batzuk aurreratu zituzten, orain arteko neurrien eraginkortasuna frogatzeko. Bigarren delitu bat egiten zuten gazteen portzentajea %14 zen lehen, eta % 10 da orain; adin nagusiko egiterakoan %28 zen lehen, eta%17 da orain. Egun, 53 adingabe daude EAEko lau zentroetan banatuta, gehienak lapurretagatik.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako txostena gaztelania hutsean eginda dago. Horri buruz galdetuta, Finez sailburuordea harrituta agertu zen, eta esan zuen euskaraz argitaratzeko ardura aurreko gobernuarena zela.
(Puede haber caducado)