Askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna
Berria, , 23-07-2009Hitz ederrak hirurak. Iraultza Frantsesaren berotasunean hedaturiko oihua. Goikoek sistematikoki ukaturiko eta manipulaturiko helburuek ederrak diraute, baldin eta pertsonen barneko izate afektibo, intelektual eta politikoaren baitatik gizartearen krisi-egoeretan gauzatzen ahalegintzen bagara.
Iztieta, eta modu berean, Oreretako auzo asko, oso azkar garatu ziren frankismo garaian: jende pobreentzako auzoak, urbanizazio, azpiegitura, ekipamendu sozial, keak, zaratak, kampsak, erreka kirastua, kutsadura… botereak bazterturiko langileentzat. Hemendik ez zen pasatu aberats jendea.
Langile auzoa, hasieratik jatorri desberdineko jendez osatua, kontraesan eta krisi sozialak igaroz bidea egin behar izan du. Hasieran arrantzale galiziarrak, langile andaluziarrak, Extremadurakoak, euskaldunak… bizitza duin baten bila eta merkatu kapitalista (industria, eraikuntza….) frankistaren beharren arabera kokatuak. Gorabeherak ezagutu ditu ekonomiaren martxarekin batera, eta auzo gisa antolatzeko borondatearen arabera garatua. Auzo bizia eta ausarta bere burua osatzen joan da borroketan eta festetan, askatasunezko, berdintasunezko eta elkartasunezko balioak landuz.
Hemen sortu zen lehen euskaltegia. Iztietak parte hartu zuen borroka antifrankistetan, manifestazioetan eta grebetan. Hemen, duela 30 urte, Francis homosexuala erail ondoren, herri osoan bezala, greba orokorra egin zen. Iztietak, droga-menpekotasunaren zigorrarekin gogor kolpatua, arrisku horri aurre egin zion mobilizazioak antolatuz.
Iztietak 80ko hamarkadako krisi gogorra ezagutu zuen. Auzoaren itxura aldatu zen dezente. Eta globalizazioaren azken garaiko ekonomiaren berpiztearekin, lan prekarioaren hedapenaren urteetan eta munduan gosea globalizatu zen urteetan, Europako herrialde askotan bezala, fenomeno berri bat ezagutu du auzoak: lan-indar berria hasi zen etortzen kapitalaren behar berriak betetzeko (eraikuntzaren boom-a, menpekotasuna dutenen zaintza…). Emigrazio berri bat, beste kontinenteetako pertsonak, beste kulturetakoak, hizkuntzetakoak, larruazal kolore diferenteetakoak… beren herrialdeetan, multinazionalen eta munduko botereen estortsioaren bidez eta bertako gobernu ustelen adostasunez, sorturiko pobreziak eta goseak bultzatuta hurbiltzen dira gure herrira. Iztieta eta gure herri osoa fenomeno sozial eta erronka berri baten aurrean dago. Fenomeno horiek modu egokiz landu eta bideratzen badira, denontzat ondorio onuragarriak izan ditzakete ekonomikoki, sozialki eta kulturalki.
Beste lurraldeetatik etorritakoak, gu bezala beheko jende xumea, pobreak, langileak, beren lurretik at, gurasoak eta seme-alabak han utziz, edo zeharo galdurik, horizonte hobeen bila dabiltza. Beraiek ere ulertu beharra dute, horren premia dute, bestelako kultura duen jendearekin ari direla harremanetan, eta elkarrekin komunikatzeko bi aldeetatik behar dela mugitu.
Orain, aurrekaririk gabeko krisi ekonomikoan sartuta gaude. Eta krisia bilakaera kapitalistaren fruitua da. Hemen langabezia eta zailtasunak areagotzen dira, babesgabetuagoengandik hasita: etorkinak, zaharrak, emakumeak, gazteak; miseria eta gosea areagotu egiten da. Kapitala globalizatu egiten da, eta harekin batera miseria. Eta egoera zail hauetan, desberdina edo ezezaguna dena mehatxuarekin lotzeak beldurrezko erreakzioak sor ditzake, erreakzio arrazistak, ghettoak, konfrontazioak. Baina krisiaren eta horren ondorioen kontra, bestelako joera bat landu dezakegu: prest dauden beso guztiak elkartzen saiatu eta egoerari denen artean erantzun. Harreman eta erantzun horietan joango gara askatasunezko, berdintasunezko eta elkartasunezko auzoa sortzen, iraganeko hoberena hartuz, oraina eta geroa erantzukizunez eskutan hartzen duena. Udalak ez du arduraz jokatu Iztietarekin. Urteetan egindako eskaerei entzungor egin die. Orain, aldiz, kanpoko bitartekarietara jo, eta Poliziaren presentzia areagotu nahi du. Baina auzokideen arteko harremanak lantzea auzotarren eginkizuna da. Zubiak eraiki, bide aske eta garbiak sortu, espazio sozial komunak sustatu inorengan delegatu ezin daitezkeen eginkizunak dira. Edo auzotarrok egiten dugu, edo ez da egingo. Eta dinamika hau giltzarria da hondamendiari aurre egiteko eta delitugileak etsitzeko. Delituen kontra Poliziaren presentzia handiagoak aurrekoaren menpe egon behar du, eta ez da soluzioa. Gainera, galdetu beharra dago: erraztuko al du edo zailduko al du zubi sozialak eraikitzea, eta edozein gairen inguruko adierazpen, mobilizazio, salaketa eta protestarako askatasuna? Europako Batasunaren «Lotsaren Araudia» edota Espainiaren Atzerritarren Legea konponbidea ez den bezala.
Beheko jende langile xume guztia batzen duten erantzunak sortu beharra dugu eta denon artean gustua ematen duen auzoa eraiki.
(Puede haber caducado)