Arrazakeriaren inguruan hausnarrean

Gara, Joxe Iriarte «Bikila» Idazlea, 22-07-2009

Krisi hura modu kapitalistan «gainditu» zen; alegia, hainbat lantegi desegin ziren, eta langile asko erretirarazi zituzten edo langabe kroniko bihurtu ziren. Susperraldi ekonomikoaren baitan, dena berregituratu zen, eta lanpostuek gora egin zuten, gehienak aldizkakoak baziren ere. Baina, lanpostuak eta dirua gora zihoazen heinean (baita kreditu sistema ere, kontsumo maila handituz, edozeinek zuelarik automobilak berritzeko edo espekulazioak puzturiko etxebizitzak erosteko gaitasuna), salbuespenak salbuespen, ez zitzaion ikusten arrisku gehiegi hazkunde mota hori. Sindikalistak, ekologistak, ezker muturrekook – dena den gutxiengo nabarmen bat – izan ezik, denak pozik. Baina hazkunde ekonomiko horrek beste toki batzuetan (Hirugarren Munduan) izugarrizko triskantzak egin zituen, hangoak bizi ahal izateko gurera etortzera behartuz. Etorkinen kopurua erruz handitu zen; baina lana zegoen bitartean, eta batez ere bertakook nahi ez genituen lanak hartzen zituzten bitartean, arazorik ez.

Etorkinak errudunak? Eztabaidan entzunak eta irakurriak. A. – Etorkinak pilatzen diren auzoetan, etxebizitzen prezioek behera egiten dutela eta, beraz, bertakoen ondareek ere bai (hori saltzekotan dagoenaren ikuspegitik, jakina; erosteko dagoenaren aldetik berriz?) Alabaina, begi – bistakoa da etxeen (gain)balioaren beherakada higiezinen burbuilaren eztandaren ondorio dela, etorkinena bigarren mailako faktorea izanik. Joko horretan sartu zirenek (langile asko, tartean) nori leporatu beharko liokete erantzukizuna, etorkinei edo espekulatzaileei? Zer esanik ez, garraio azpiegiturek, makro – obrek eta industria kutsatzaileek sortzen duten etxe eta auzo askoren balio galeraz. Oso erraza da auzoaren gainbehera etorkienei leporatzea; kapitalismoari kontuak eskatu eta garapen suntsitzailearen nondik norakoak azaltzea zaila eta konplexua gertatzen zaigu, ordea.

B. – Etorkinen (ustezko) «masifikazioa» dela eta, galera ekonomikoaz eta segurtasun ezaz gain, kulturarekiko, ohiturekiko edota hizkuntzarekiko kezka ere zabaltzen da. Azterketa guztiek diote uste baino askoz etorkin gutxiago dagoela gurean, nahiz eta haien lokalizazioa edo fokalizazioa desberdina izan (Errenteriako Iztieta auzoa kasu). Zergatik sortzen da pertzepzio edo uste faltsu hori, eta batez ere kezka?

Benetako erantzulea. Globalizazio kapitalista da ezbairik gabe egungo etorkin joan – etorrien erantzule nagusia, eta baita mundu osoan hizkuntza nagusi baten – ingelesaren – bultzagilea. Are, ohituren (janzkerak, janariak, portaerak) aldaketaren erantzulea. Baina horiek denak, batzuen ustez, aurrerabidearen, garapenaren, eta ez dakit zenbat topikoren aldarean eskaini beharreko sakrifizioak lirateke. Askorentzat, gainera, ez dira sakrifizioak, irabaziak, mozkinak, etekinak baizik. «Presta gaitezen globalizaziorako! Izan gaitezen lehiakorrak!» da instituzioetatik eta sektore batzuetatik datorkigun leloa eta aldarria (hemendik aurrera ikusi egin behar). Baina etorkinei zer nolako harrera prestatu zaie? Nola prestatu gara haiek gure baitan hartzeko? «Erabili eta botatzeko» mukizapi bezala ikusten ditugu etorkinak ala Euskal Herri anitz baten partaide bezala? Lagun batek dio, azken finean, denok garela zuritzen edo zurbiltzen joan garen jatorri afrikarreko gizakiak. Egia da hezkuntzan eta osasungintzan egin direla ahaleginak, baina aski al dira?

Etorkinak gurera egokitu behar direla? Jakina. Nola ordea? Beraiena ukatuz? Eta gure aldetik ez al dago ezer egiterik ahalik eta hobekien «egokitu» daitezen? Jarri al dira bitartekoak beraiek ere kultura eta ohitura arloan eman dezaketen onena eman dezaten, guk ere jaso ahal ditzagun? Ez al dugu beraiengandik zer ikasia? Integrazioa eta aniztasuna ez al da bi noranzkoko harremana?

Hizkuntza eta kultura arloan, ni ziur naiz, arazoak arazo, euskaldunon kaltea ez datorrela gaurko etorkinen aldetik. Adibide bat jarriko dut Errenteriako Mikelazulon ikasi dudanaren eskutik. Zein aberasgarria eta gozagarria zinema arloan, poesia eta literatura arloan izandako lankidetza. Bertatik pasatzen diren etorkinek beren arrastoa uzten dute, eta aldi berean euskaltasuna arnasten dute.

Hauek nire gogoetak Pirinioetako mendietan barneratzeko bezperan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)