Leihatila
Zein eskubide? Zein herritar?
Berria, , 07-07-2009Duela gutxi agertu da Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietarako sailburu andrea, Eusko Legebiltzarreko Lan, Gizarte Gaietarako eta Berdintasunerako Lan Batzordearen aurrean. Sailburuaren agerraldiak asmo bat zeukan: haren departamentuak legegintzaldi honetarako dituen estrategia ildo nagusiak azaltzea. Migrazio fenomenoari dagokionez, sailburuak adierazi du etorri berrien giza eskubideak gordetzea dela haren departamentuak hartu beharreko neurrietako bat. Zer eskubide, sailburu andrea? Atzerritarren Legeak, zure alderdiaren botoei esker onarturikoak, pertsona atzerritarrei ukatzen dizkienak? Helburu duen erreforma dela bide, zure alderdiaren gobernuak are gehiago murriztu nahi dituenak?
Herritartasunaren inguruko eztabaidan sartzeko asmorik gabe, nahiko argi dago nekez joko ditugula herritartzat legeak eskubiderik oinarrizkoenak ere ukatzen dizkien pertsonak. Alferrik amestuko genuke alderdi sozialistaren gobernuak, alderdi popularrak babesturikoa izaki, Atzerritarren Legea arbuiatzea; baina sobera dago halako zinismokeriaz jardutea ere, gure adimena iraintzen baitu. Sailburuak honela esan zuen bere agerraldian: «Pertsona guztien duintasunaren eta giza eskubideen defentsa aktiboan arituko gara, normalizazioaren ikuspegitik, eta pertsona guztiek eskura izan ditzaten espazio eta baliabide guztiak».
Modu bakarra dago duintasunaren eta giza eskubideen defentsa aktiboan aritzeko: lege xenofobo horren aurkako jarrera agertzea, kriminal bihurtzen baititu gure herrietako milaka pertsona, eta hura indargabetu dezaten galdegitea. Hain zuzen, egunotan argitaratu du Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak urteko txostena, 2008koa, eta Espainiako eta Frantziako estatuak salatu ditu gutxiengoen taldeen zapalkuntzari bide ematen dioten legeak bultzatzeaz. Txosten horren arabera, estatu bietan handitu egin dira immigranteen defendatzaileen eragozpenak, egoera araugabean dauden atzerritarrei laguntza ukatzeraino; Espainiako Estatuari dagokionez, erreferentzia argia egiten dio Ministroen Kontseiluak 2008ko abenduan onarturiko lege erreformarako aurreproiektuari. Aurreproiektu hori azterturik, indarrean dagoen legea baino murriztaileagoa baita, Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendari berriak hau esan du: «Kezka sortzen digu gai honek». Besterik ez. Nabarmentzekoa eta kezkatzekoa da, halaber, Batzordeko talde parlamentario guztien isiltasuna Atzerritarren Legea dela eta.
(Puede haber caducado)