Legez kanpoko immigrazioa gogorrago zigortzeko legea onartu du Italiako Senatuak

Legez kanpoko immigrazioa delitua izango da, eta 5.000 eta 10.000 euro arteko isunak jarriko dituzte

Berria, , 03-07-2009

Allande Sokarros.

Italiako Parlamentuak onartutako legeak gogortu egingo ditu legez kanpoko immigrazioaren kontrako neurriak. Izan ere, iragan maiatzean diputatuek egin zuten bezala, senatariek ere oniritzia eman diote orain Silvio Berlusconiren gobernuak paratutako testuari. Horren aldeko botoa eman dute 157 senatarik, 124k kontra bozkatu dute eta hiru abstenitu egin dira.

Hemendik aurrera, beraz, legez kanpoko immigrazioa delitua izango da Italian: 5.000 eta 10.000 euro bitarteko isunak ezarriko dira zigor moduan. Legez kanpo sartutako etorkinak behin atxilotu eta gero, berriz, sei hilabete arteko epean atxikiak izan daitezke erretentzio guneetan. Orain arte, gehienez bi hilabetez eduki ahal zituzten atxikita. Etorkinaren identifikazioa egiaztatzeko eta bere herrialdera kanporatzeko aitzakiekin luzatu dute epea.

Herritar zaindariak, legezko

Lege horrekin ere auzibideetan jar daitezke legez kanpoko immigrazioa babesten dituztenak edo horrekin abantailak jaso ditzaketenak. Hala, legez kanpoko etorkin bati etxea alokatzeagatik hiru urterainoko espetxe zigorra ezarri ahal dute aurrerantzean .

Onartu duten legeak «segurtasuna handitzeko» atal bat ere badu. Horren harira hainbat eskualdetan eratutako herritar zaindarien milizia antzekoak legezkoak izango dira. Hori zen Lega Nord xenofoboaren eskabide nagusietatik bat. Lega Nord da Berlusconiren gobernuko alderdi nagusia.

Lombardian eta Italiako iparraldeko beste eskualde batzuetan eratuta daude jada herritar zaindari talde horiek, Poko guardiak edo alkandora berdeak deituak. Ezkerreko indar politikoek eta giza eskubideen defentsarako erakundeek oso arriskutsutzat jotzen dute talde horien legeztatzea, eta faxismoko alkandora beltzekin alderatu dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)