Etorkinek eta haien seme-alabek euskara ikas dezaten saiatzen da euskalgintzaren mundua, baina prozesuak zailtasun ugari ditu, bai agerian, bai ezkutuan. Horiei buruz mintzatu da Amelia Barquin.

Etorkin euskaldunak, sinpatiatik abiatuta

Berria, , 03-07-2009

Maite Asensio.
Mungia

Etorkinak euskarara erakartzeko beharrean bat datoz euskaltzaleak, baina nola egin daiteke hori? Etorkinak euskarara hurbiltzeko modu zabalduenetakoa da haien seme-alabak eskolaren bidez euskalduntzea, eta hala, gurasoengan hizkuntzarekiko motibazioa piztea. Baina prozesu hori konplexua da, Mondragon Unibertsitateko (Gipuzkoa) Giza Zientzien Fakultateko irakasle Amelia Barquinek atzo azaldu zuenez. Mungian (Bizkaia) izan zen, EHUk antolatutako arte eta kultura topaketetan, bertakoen eta etorkinen hizkuntzak eskolan txertatzeak dakartzan erronkei buruzko hitzaldia ematen.

Migrazio proiektua abiatu eta gurera heltzen direnean, euskara ez dago etorkinen lehentasunen artean. «Gaztelania edo frantsesa ez den beste hizkuntza bat dagoenik ere ez dakite batzuek», dio Barquinek. Horrek euskaltzaleen artean kezka eragin arren, abisua eman du Barquinek: «Euskara galduko bada, ez da etorkinen erruz izango». Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %6,1 baino ez dira etorkinak, eta haren ustez, portzentaje hori ez da «erabakigarria»; «Etorkinei euskararekiko atxikimendu eskasa egozten diegu, hemengo elebakarrei baino gehiago eskatzen diegu».

Izan ere, hemengoek zergatik ikasten dute euskara? Komunikazio, lan eta ideologia arrazoiak aipatu ditu Barquinek: «Baina etorkinek hizkuntza esposizio mugatua dute: lan zaratatsua edo bakartia badute, komunikazio elkartruke gutxi daukate. Lagun euskaldunik ez badute, eta supermerkatuan erdaraz molda badaitezke, ez dute euskara behar».

Halaber, arrazoi ideologikoak aztertzean, haiek-gu dikotomia ikusten du Barquinek bertakoen diskurtsoan: «Ez ditugu gutartzat hartzen. Arraro janzten, jaten eta hitz egiten duten horiek dira… Gutartzen ez ditugun bitartean, ez dute euskara guk bezala ikusiko, altxor gisara». Hori dela eta, euskararekiko eta euskal kulturarekiko sinpatia lortu beharra nabarmendu du, «ikasiko ez badute ere, jarrera positiboa izan dezaten, adibidez, seme-alabak euskaldun ditzaten». Sinpatia hori lortzeko, bada, ezinbestekoa da haien hizkuntza eta kulturekiko elkartasuna agertzea. «Batzuetan haien ama hizkuntza ere gutxitua izan daiteke, eta horri estimua adierazi behar zaio. Gutxieneko keinu batzuk dira, haien izenak ondo ahoskatzea, esaterako».

Zergatik A eredura?

2007-2008 ikasturtean, etorkinen seme-alaben %45,4 A ereduan matrikulatu ziren, hau da, euskara irakasgai soiltzat duen ereduan. Amelia Barquinek uste du arrazoi asko dagoela hautu horren atzean: jatorri bereko umeak eskola jakin batean egotea, egoera soziolinguistikoaren berri ez izatea… «Baina batzuetan, eskola batzordeek A eredura bideratzen dituzte, edo gurasoei ez zaie ondo azaltzen zertan datzan hemengo eskola sistema, eta zein aukera duten». Ikasle etorkinei A ereduan harrera ona egiten zaiela gaineratu du: «B eta D ereduetako eskolek ‘nahi’ al dituzte ume horiek? Esfortzurik egiten al dute? Ikasle zailtzat hartzen dituzte».

Euskara ez ikasteak ondorio txarrak izan ditzake etorkinentzat, baina Barquinen iritziz, prozesu konplexua dela onartu behar da. Batez ere 10 urtetik gorako haurrekin: «Testuak ondo kudeatzeko gaitasuna bereganatzeko bost eta zazpi urte bitarteko trebakuntza behar da. Batzuek ez dute astirik». Ildo horretan, kasuak banan-banan aztertu bera direla uste du: «Ez da erraza, baina kontuan izan behar da non bizi den, aurretik eskolatuta egon den, zein gaitasun dituen, zein motibazio… Erabakia posible denaren izenean hartu behar da, ez politikoki zuzena denaren izenean».

Gainera, euskara irakasterakoan, irakasleek arazo berriekin egiten dute topo: «Ez dakite gaztelera eta frantsesa ez den beste hizkuntza bateko hiztunek zein zailtasun izango duten euskara ikastean, edo zer kostako zaien gehien. Asko falta zaigu ikasle immigranteen hizkuntzen oinarrizko ezaugarriez jabetzeko, baina inportantea da jakitea haien hizkuntzan aditz kopulatiborik dagoen ala ez, edota zenbat bokal dauzkaten».

Bertako hizkuntzak ikasi ahala, ordea, etorkinen ama hizkuntzak galtzeko arriskua dagoela erantsi du Barquinek, batez ere, «eskolan bereak baino prestigio handiagoa duen hizkuntza ikasten dutenean». Hori dela eta, ikasle etorkinen ama hizkuntzak eskolan sartzeko ekimen apur batzuk badaudela aipatu du, nahiz eta irakasleen artean zalantza batzuk agertu diren, arabiera klasikoa irakasten delako eta ez egungoa, edo berberearen antzeko hizkuntza gutxituak ikasteko aukerarik ia ez dagoelako.

Edonola ere, gaiaren inguruko egia absoluturik ez dagoela dio Barquinek, baina argi du etorkinek euskararen etorkizunaren parte izan behar dutela: «Euskara galduko bada, ez da etorkinen erruz izango; baina euskarak iraungo badu, ez da soilik bertakoen hizkuntza izango, bertakoena eta kanpotik etorritakoena baizik».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)